2017/03/30

Erreportajea
 
Korrika: borondatez denbora eskainiz, pausoz pauso, lortzen den saria

Bi urtetik behin pasatzen da Korrika, Euskal Herri osoa batzen duen jai kutsuko lasterketa aldarrikatzailea. Hori bai, herrira iritsi eta minutu gutxiren ostean badoa: iheskorra da oso. Ez gara ohartzen hain labur egiten zaigun hitzorduaren atzeko lan erraldoiaz.

Nagore BELASTEGI
0300_eh_bolondresak2

Korrika Euskal Herriko herri askotatik pasako da hamar eguneko ibilaldian. Etorriko da eta joango da, atzean zirrara eta euskararen aldeko mezu bateratua utziz. Baina bi urtetik behin gertatzen den makroekitaldiaren atzean lan erraldoia dago, herriz herri eta auzoz auzo antolatutakoa.

Joseba Zaballa Gasteizko Zabalgana auzoko Korrika batzordeko kidea da. Giroa suspertzeko asmoz, Korrika Txikia egin zuten pasa den larunbatean. «Aurten pixka bat desberdina izan da, aurreko urteetan euskara taldea bazegoelako. Aurten, aldiz, eskoletako guraso eta hezitzaileei egin diegu deia. Duela sei urte hasi ginen Zabalganan Korrika Txikia egiten. Zati bakoitzean auzoko talde eragile bateko ordezkari batek hartu zuen lekukoa. Ordutik ohitura horrekin jarraitzen dugu eta Zabalganako eskolan amaitzen dugu eguna festa batekin», kontatu zuen.

Korrikarekin zerikusia duten ekitaldi guztiak antolatzen urtarrilean hasi ziren. Hamabost egunetik behin gelditzen ziren hasiera batean, eta gero astean behin, ostegunero. Zabalganan antolatutako ekitaldi guztiak osotasun baten parte dira eta Gasteizko egitaraua aberasten dute. Arabako hiriburutik gaur pasako da Korrika, 19.00etatik aurrera.

«Katarsi» kolektiboa

Errenteriara, ordea, apirilaren 4ean iritsiko da. Zortzi kilometro egingo ditu herrian. Bertako AEK-ko irakasleak, langileak izanagatik, boluntarioak ere badira, euren lan orduetatik kanpo aritzen direlako. Ikasleak ere inplikatu egiten dira eta ahal dutena egiten dute antolatutako egitaraua prest egon dadin: ostegunean zuzenean emitituko dute Korrikaren irteera, biharamunean Korrika Txikia egingo dute herriko eskolek, apirilak 1ean herri bazkaria egingo dute...

Irakasle, ikasle eta herritarrek osatutako Korrika Batzordeak tonbola bat ere prestatu dute. Herriko taberna eta saltokiek sariak ematen dituzte eta horretarako txartelak prestatzen harrapatu genituen irakasleak bulego batean. «Denek dute saria, baina... batzuetan saria euskarari laguntzea da!», aipatu zuen batek. Izan ere, Borja Arbelaitz irakasleak nabarmendu bezala, «Korrikaren helburu nagusietako bat dirua biltzea da». Hori dela eta, guri dagokigu komertzio eta enpresetatik pasatzea dohaintzak eskatuz».

Korrika Kulturalaren baitan ekitaldi ugari ere antolatzen dituzte, eta, horrez gain, derrigor egin beharreko zeregin bat ere badute: Errenteriatik pasatzen diren kilometroak saltzea lekukoa bertatik inolako arazorik gabe pasatzen dela ziurtatzeko. «Dagoeneko hamalau zati saldu ditugu eta oraindik erantzun batzuen esperoan gaude. Zortzi kilometroak konpartitu egiten dira. Hori bai, badaude Oreretakoak izanagatik kilometroak beste toki batzuetan hartzen dituzten elkarte edo familiak ere, adibidez Nafarroako Erriberan edota Iparraldean», azaldu zuen Arbelaitzek.

Ia guztia antolatuta zuten Korrika hasi baino astebete lehenago. Iruñera joateko autobusak prestatzea besterik ez zitzaien falta. Horretaz guztiaz gain, apirilaren 1etik 8ra euskaldunak aktibatzeko kanpaina bat abiaraziko dute; astebetez euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartzera animatuko dituzte eta parte hartzaileek txapa adierazgarri bat eramango dute soinean.

Korrika pasatzean lasaitu ederra hartuko dutela aitortu zigun Arbelaitzek, baina horrek ez du esan nahi Korrika gozatzen ez dutenik. «Badira sentsazio kontrajarriak, tentsio asko, urduritasuna, baina Korrika bera euskal herritarrontzako dagoen ekitaldi zirraragarrienetako bat da. Emozio asko dira, lan handia, eta, gero, pasatzen denean, bakea. Ardura da, baina, aldi berean, poz izugarria. Eta kolektiboan sentitzen da. Ez dakit zer duen Korrikak katarsi batera eramaten gaituela. Badu ahalmen hori mundu guztia elkartzeko», laburtu zuen irribarretsu.