Andoni TOLOSA «MORAU»
Musikaria

Nostalgia garestia da

Lerdotzen ari haiz motel!». Hori esan nion ene buruari, etxeko biniloen artean bila, disko zahar baten prezioa zehazten zuen borobiltxoa ikusi eta hunkitu nintzenean. Boligrafoz idatzita zuen 1.700 azkar bat, horixe zuen-eta salneurria duela 30 bat urte... Zaharragoa ez bada, bederen. Pegatina txiki bat, diskoaren azalaren albo batean. Hori lapurreta! Garai hartako 1.700 pezeta ordaindu nituen, disko horren truke. Ez dut gogoan gustura ordaindu nuen, niretzat garai hartan dirutza txiki bat zen hura. Baina egun hunkitu egiten naiz. Horra hor aldea, esandakoa, lerdotzen ari naiz.

Nostalgia, biniloak eta musikaren (industriaren esango nuke nik) balizko urrezko aroak bat egiten dutenean, honelakoak gertatzen dira. Garai hartako “inportazio” disko baten prezioa ikusi eta bihotza apur bat inarrosten zaizu. Orduan, ziurrenik nire patrika gertatuko zen inarrosia, eta ez gutxi gainera.

Ez dakit, ez dut uste gustura ordaindu nuenik dirutza hori, ziurrenik eskuak erre, etxera iritsi, eta disko-irakurgailuan estreinatu nuen arte. Ai kontuak ateratzen hasiko banintz! Zelako dirutza gastatu dudan urteetan diskotan. Horregatik, oso erromantikoa ez den arren, uste dut musika digitalari aitortu behar zaiola sos handirik ez duen musikazaleren bat “inportazioko” disko baten truke dirutza pagatzen ez ibiltzearen aurrerapen nabarmena. Hori gutxienez bai. Nostalgiari gogoratu behar zaio, berriz, musika-zaletasuna oso gauza garestia izan dela urte askotan. Egun beste aje batzuk dituela.