Iratxe ESPARZA
HELDUEN LITERATURA

Kafeontzitik bizitza edaten badugu?

Prest egongo nintzateke Jezabelekin, liburuaren protagonistarekin, kafe bat hartzeko, patxadaz, ziur aski, azalkeriaz eta bizitzaz ironiaz hitz egiten denbora pasatuko litzaiguke. Nork ez dio bere buruari inoiz galdetu: baina, nola heldu naiz ni honaino? Orduan, Jezabel bezala, konturatzen gara geure existentzian zerbait aldatu behar dugula, eta, ondorioz, erabakitzeko momentua saihestezina dela. Hori da pertsonaia nagusiak eleberrian zehar plazaratzen duen ezinegona, eta Kattalin Miner egunerokotasunaren bidegurutzetik ederki osatzen doa Jezabelen unibertsoa.

Era berean, ibilbide askok zeharkatzen dute Jezabelen gorputza, eta esanguratsua da protagonista bera eta irakurleak horretaz jakitun egitea. Hau da, hartu beharreko diruditen erabaki ñimiñoek protagonistaren ohiturak marrazten dituzte eta adorea ematen diote egoerari aurre egiteko; eta, bestalde, ugari dira irakurleek beren burua ekintza horietan islatuta ikusteko aukerak.

Jezabel mailaz igo dute lanean eta bere printzipioak urratzen dituzten zenbait ekintza kateatu dira eleberriaren abiapuntua: etxe bat erostea, hipoteka sinatzea eta ongizatearen makromunduan sartzeko ezinbesteko urratsa ematea. Horiek Jezabelen barruan leherketa eragiten dute, hainbeste defendatutako bakarrik egoteko onurak eta desberdina izateko aldarria kolokan jartzen dira eleberrian eta heldutasunetik hausnarrean ohartzen da oso zaila dela sisteman sarritan ikusezinak diren arauetatik kanpo murgiltzea. Heldu normalen bizimodura jauzi egiten du Jezabelek, nahiz eta normaltasunetik urrundu nahi izan edo hitzarmen sozialetik ihes egiteko desioa adierazi, burgesiaren eta eraikitako klase ertainaren barruan dago jadanik arruntasunaren uholdeen kontra borrokatzen duen bitartean.

Bigarren mailako pertsonaiak ere badaude eleberrian, eta ez horregatik garrantzi urrikoak. Komunikabideen bidez, hasieratik Aneren desagerpenaren ikerketaren berri dugu, eta Jezabelek albisteetan emakumeaz irakurtzen duena testuan partekatzen du. Bestetik, Lucia dago, Jezabelen bikote ohia; oraindik ere haien arteko menpekotasun harreman kaltegarriak protagonistarengan oihartzun handia dauka.

Asmatu du Minerrek idatzi duen bere lehenengo eleberrian, oso modu orekatuan, gainera, narrazio literarioa medio gaur egungo gizartearekiko diskurtso kritiko bat sortzeko gaitasuna erakutsi duelako: genero sisteman ezarritako bikote harremanak, familiaren eredua edo edertasunaren kanona. Erabakitzeko aukera amaiezinen aurrean, protagonistak gizartearen kolapsoa ezin hobeto islatzen du; nola asmatu? Zein maskara jantzi egoera bakoitzean? Nola ekidin bizitzaren asperdura? Eguneroko erabaki arruntek Jezabel mugiarazten dute okupatzen duen lekuaz kontzientzia hartuz. Horrek oso pertsonaia erakargarri bihurtzen du, interesgarria, neurri justuan harroputza bizitzako oztopoak gainditzeko eta egoera ezberdinetara, kostata, baina moldatzen ikasteko.

Txinparta pizten du Jezabelek, eta, ziur nago, eskaintzen duen aukeren abaniko zabalaren artean irakurleak gertaera ezagunen bat topatuko duela onartuz zenbat arrazoi dauden sistemari buelta emateko. Alternatiboa izan nahi duen emakumea hain perfektua ez den bizitza batean bere askatasunaren gabezien preso agertzen da; argi dago pertsonaiak xarma daukala, sinesgarritasunetik sortua dagoela eta bere buruaren inguruan dabiltzan berrogei eta hamar itzal baino gehiago duintasunez kudeatzen dituela.