Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Emakume kanporatuen isildutako historia

Errepublikazale eta abertzale izateagatik 1937an Gipuzkoatik kanporatuak izan ziren mila emakume eta haurren historia berreraiki du «Ama, nora goaz?» dokumentalak. Gaur estreinatuko da, Donostian.

1937ko neguan, Gipuzkoako hamalau herritatik mila emakume eta haur kanporatu zituzten, errepublikazale eta abertzale izateagatik. Emakume horiek, euren seme-alabak besoetan, Bizkaira iritsi ziren lehenik, eta, Gernika eta Durangoko bonbardaketek bete-betean harrapatu ostean, bizirik suertatu zirenetatik askok Estatu frantsesera ihes egin behar izan zuten. Batzuk Suitzara ere iritsi ziren.

Historiaren pasarte hau, baina, emakumeen bizipen gehienekin gertatu izan den bezala, kasik isilpean mantendu da laurogei urte hauetan. «Nik beti esaten dut istorio hauek bizi izan zituzten emakumeen etxeetako sukaldeetako lau hormen artean geratu direla», ekarri zuen gogora Joseba Esnalek. Lore Albizuren semea eta memoria historikoan aditua da Joseba Esnal, eta, atzo, amaren historia ere baden “Ama, nora goaz?” dokumentala aurkeztu zuen Donostian. Hain zuzen, amak kontatutakoaren ildotik hasi zen kanporatuak izan ziren emakumeen historia ikertzen, eta berak bildutako dokumentaziotik tiraka osatu da Iban Gonzalezek zuzendutako dokumentala. Gaur, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatuko da, euskaraz eta gaztelerazko azpitituluekin, 16.30ean Victoria Eugenian (doan, gonbidapenarekin). Aurretik, Ageda Kopla Taldearen “Beti bezperako koplak” film laburra emango dute.

Dokumentalaren hari gidaria amonaren memoria arakatzen ari den bilobaren gogoetak dira. Eta gogoeta horiei ahotsa haurrak zirela euren amekin batera kanporatze hura bizi izan zuten emakumeek jartzen diete. Lore Albizu izan zen haur horietako bat. «Amak esaten zigun sekula ez ahazteko gertatu zena, gorrotorik ez sentitzeko baina ez ahazteko, berriz gerta ez dadin», ekarri zuen gogora Albizuk. Gerraostea gerra garaia bezain bortitza edo okerragoa izan zela ere esan zuen, goseteaz gainera emakumeek jasaten zituzten umiliazio eta mehatxuak gogora ekarrita, eta penatua agertu zen gerra garaiko historia gizonen historia delako, «emakumeena behin ere ez da kontatu».

Egun Europan errefuxiatuek bizi duten egoerarekin identifikatuta sentitzen dela ere ziurtatu zuen, «gure amek ere horrela ibili behar izan baitzuten, gu beti altzoan. Laguntza behar dute, gu itzuli ginen bezala beraiek ere aukera hori izan behar dutela uste dut, Europatik lagundu egin behar zaiela».