Maider IANTZI
GASTEIZ
Elkarrizketa
OIHANE PEREA PEREZ DE MENDIOLA
ARABAKO BERTSOLARI TXAPELDUNA

«Esan nahi nuena esan nuen eta oparirik handiena da hori»

Fisikoki zein emozionalki biluztu zen Printzipal antzokian. «Entzuleentzat sekreturik ez edukitzea da hori. Eta beren maitasun guztia jasotzea biluztu eta gero, bada, itzela da». Irri eta negar egin eta eginarazi zuen eta gustura dago horrekin. Gurasoen etxean utzi du laugarren txapela, baina semeei ere erakutsi eta jolasteko utzi nahi die. Gaur egonen da eurekin eta nahi duten merienda prestatuko die.

«Ondo nago, apurtxo bat nekatuta, baina poz-pozik», diosku Oihane Perea zalduondarrak irriz telefonoaren bestaldetik. Larunbat gauean denek batera ospatu zuten.

Nolakoa da txapelaren eta halako final eder baten ajea?

Oso gozoa. Gertatzen dena da beharbada digeritzeko eta hausnartzeko tarte bat behar izaten dela. Galderak egiten dizkiguzue eta oraindik hodeian igota gaude, Printzipaleko sentsazio eta euforia horiekin. Hainbeste edertasun, hainbeste maitasun, kariño eta herrialde sentimendu batzen dira eta batu ziren larunbatean... Horrekin guztiarekin udaberriko mozkorraldia daukagu. Ederra da oso txapelketak Arabako bertsolaritzari ematen dion aupada; bultzada handia izaten da, urte bat irauten du eta bere ondorioak ekartzen ditu.

Zertan sumatzen da?

Bertso eskolen motibazioan, gazteenean, entzuleen jarreran eta gogoan, plazaz plaza olatuari eutsi eta luzarazteko gogoan... Ikusten den izozmendiaren punta da txapelketa, baina azpian gauza asko daude. Sare zabal bat dago, eta final polit batek txute handi bat ematen dio.

Gainera, Euskal Herriko txapelketa ere badator eta Asier Otamendi eta biok han izateak lagunduko du motibatzen.

Motibazioa eta erantzukizuna da hori. Arabako bertsozalegoa oso-oso familiakoa da, oso sentitua, kariño handikoa, eta barkatu ere egiten digu. Larunbatean 600 entzuleak familiakoak izango balira bezala sentitu nituen. Txapelketa nagusian badago halako entzuleria, baina badago distantzia gehiago daukana ere, ezagutzen ez zaituena, zure herrialdearen errealitatea hainbeste ezagutu ez eta bertsoa bere horretan entzuten duena. Horrek puntak zorroztera bultzatu edo behartzen gaitu. Adrenalina edo zure burua gainditzeko gogoa ematen du.

Jende aunitzek zoriondu zaitu?

Bada, bai. Telefonoa ez dabilkit oso ondo azkenaldian eta kolapso puntu bat ere badu. Saiatu naiz guztiei erantzuten; baten bat ahaztu bazait barka nazala. Egia esan, kariño eta zorion zaparrada itzela jaso dut. Besarkada eta muxu pila bat, bai birtualak eta bai hezur-haragizkoak, energia gehien ematen dutenak.

Zorion berezirik jaso duzu?

Etxekoenak. Nire ahizparenak. Nire ahizpak sentitu zuen finala nire barruan egongo balitz bezala, eta oraindik ni bezala dago. Nire begiekin ikusten zuen egun horretan, nire bihotzarekin sentitzen zuen eta oraindik nire barruan egongo balitz bezala sentitzen dut. Oso gauza indartsua iruditzen zait, oso gauza ederra.

Zer moduz dago ama?

Orain uste dut euforiko dagoela [dio irriz]. Gaixotasunaren baitan sendatzen ari da, baina hitz egin dut berarekin, transmititu diot sentitutakoa, kantatu ere egin diot kantatutakoa. Telefonoz izan da eta ez dut ikusi bere aurpegia, baina, esan didatenaren arabera, pozez eta maitasunez goraino beteta dago. Nik uste sendagarri handia izango dela, harrotasun eta aurrera egiteko indar pila bat transmititu dizkidalako berak gaixorik egonda ere, eta uste dut bueltan ere eman diodala berari. Ziurtasun osoa daukat bestela ere sendatuko zela, baina honekin medikamentu estra edukiko du.

«Gogoaren indarra da entregatzen ez den arma» edo «hartzazu muxu handi bat, hauxe esan nahi dizut nik/ ez dagoela gu biok garaituko gaituenik». Jendea hunkitu eta gogoan gelditzeko puntuak bota zenituen.

Oso-oso barrutik kantatuak izan ziren. Azkenengo urteak gogorrak eta intentsoak izan dira etxean gauza askorengatik. Oso-oso batuta gaude eta oso barrutik kantatu nuen. Esan nahi nuena esan nuen eta nire buruarentzako oparirik handiena hori da. Eta etxekoentzat ere hori jasotzea izugarria da. Gure etxeko piña barruan sentitzea eta horri ere aportazioa egitea itzela izan da. Gero konturatzen naiz oso emozionala naizela eta saiatu izan naiz pixka bat intelektualagoa izaten, baina Oihana Bartrari irakurria diot ez dela intelektuala eta esan nuen: horixe gertatzen zait niri ere, ez naiz intelektuala eta ez dut izan nahi. Barrutik kantatu nahi dut eta barrutik kantatzen dudanean sentitzen naiz ondo, jendeak eskertzen du eta komunikatzen dut.

Lehenengo ariketatik ia malkoak atera zenizkigun. Gaia ere hagitz gogorra zen.

Bai, ospitaleak eta erotismoa, bi muturretan mugitu nintzen. Dramatikoan, bizipenak ukituz, eta, bestean, biluztuz. Bi modutan biluztu nintzen: fisikoki, gorputza irudikatuz, eta emozionalki. Entzuleentzat sekreturik ez edukitzea da hori. Eta beren maitasun guztia jasotzea biluztu eta gero, bada, itzela da.

Nola ikusi zenituen kideak?

Zentratuta, oso serio, zentzu onean. Oso txapelketara, prestatuta. Eta oso estu ikusi dut sailkapena. Guk ez geneukan argi, eta entzuleek eta adituek ere ez, zein pasatuko ziren buruz burukora. Oso final parekatua ikusi dut. Beharbada pena pixka bat ere hartu dut. Gustura ikusiko nuke buruz buruko bat Manex, Viñaspre edo Xabirekin, beste belaunaldi bat delako. Baina hor gaude hainbat belaunaldi eta sasoian daukagu oraindik ere burua. Gero eta onduago gaude. Heldutasuna nabaritu nuen guztiengan, egoten jakitea. Entzuleei zer eman behar zien bakoitzak eta bere buruari zer zor zion ere oso argi zuen seikote bat zegoen oholtzan. Pozik geunden denok. Txapela oso bistosoa da, baina puntu bateko aldearekin irabazi nuen. Gertatu izan zait alderantziz ere, beste batek eramatea eta hurbil gelditzea. Horrek esan nahi du zuk eramaten duzula baina ez dela zure-zurea ere; guztiona da.