GARA
CAYENNE

Estatus berria exijitzen die Guyana Frantsesak Parisko agintariei

François Hollanderen Gobernua Guyanako krisi larriari eusten ahalegindu zen atzo, Ericka Bareigts Itsasoz Haraindiko ministroa Hego Amerikako lurraldeko grebalariekin negoziatzera bidalita.

Greba orokorra hasi zutenetik astebete baino gehiago igaro denean, Hego Amerikako lurraldea erabat geldirik dago eta gaurko Kouroun egingo den manifestazioa iragarri dute, Ariane suziriak jaurtitzeko plataforma dagoen eremutik oso gertu, alegia.

Guyana Frantseseko ekonomian oso garrantzitsua da Arianespace konpainia, baina bere jarduera erabat baldintzatu dute manifestariek eta egunotan Brasilgo eta Hego Koreako sateliteak orbitan jartzekoa zen Ariane 5 suziriaren jaurtiketa atzeratu behar izan dute. Ez du grebalarien jarrera aldatzea lortu Bareigts ministroak inbertsioak agindu izanak, guyanarrek beren lurraldeak autonomia handiagoa izatea exijitzen baitute, «estatus berezia».

Osasun, hezkuntza eta segurtasun zerbitzuak hobe daitezela eskatzen dute manifestariek, eta Guyana Frantsesean inbertsio asko egitea, Olivier Goudet grebalarien eledunak esan duenez, «hemen 50 urteko atzerapena baitaukagu, pobrezia ikusten baitugu bertatik bertara, eta badirudi ministroa ez dela horretaz konturatzen».

Presidentetzarako hauteskundeak egiteko hiru aste baino gutxiago falta direnean, Hollanderen Gobernua protestaldia indargabetzen saiatu da eta joan den larunbatean 1.085 milioi euroko «larrialdi neurriak» iragarri zituen, baina dirutza hori hamar urtetan iritsiko litzateke.

Ez da nahikoa guyanarrentzat, beraiek ezinbestekotzat jotzen baitute Parisek berehala 2.500 milioi euro bideratzea.

«Beste sistemaren bat izango bagenu, zer komeni zaigun erabakitzeko aukera izango genuke, beti Parisi baimena eskatzen ibili beharrean», adierazi dio Davy Rimane herritarrak France Presse agentziari. 2010ean egin zen erreferendumean guyanarrek ezetz esan zioten autonomia handiagoa izateari, baina egoera aldatu egin dela diote.