Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien 29. edizioa iragarri dute
Euskarazko kazetaritzan azken urtean argitaratu diren lanik onenak sarituko ditu, 29. aldiz, Rikardo Arregi sariketak. Andoaingo Udalak atzo aurkeztu zuen Lakuako Gobernuaren laguntzarekin batera antolatzen duen ekimenaren aurtengo edizioa. Deialdia bi ataletan banatuko da aurten ere: 29. Rikardo Arregi Kazetaritza Saria eta Kazetari Berria saria. Horrekin batera, epaimahaikideek Epaimahaiaren Sari Berezia emateko aukera izango dute, baldin eta bi atalez harago aipamen berezi bat merezi duen lan azpimarragarriren bat nabarmentzeko beharra ikusten badute. Hala, 2016ko maiatzaren 7tik 2017ko maiatzaren 7ra arteko kazetaritza-lanak aurkeztu ahal izango dira lehiaketara.
Atalak
Rikardo Arregi Kazetaritza Saria izeneko atalari dagokionez, egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan zein irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu diren lanak aurkez daitezke. «Nabarmendutako artikulu edo erreportaje bakanak nahiz sortak, sekzio bat, irrati edo telebistako erreportaje bat, erreportaje sorta bat, programa bat... Horietako edozein izan daiteke irabazle, epaimahaiak hala erabakitzen badu», nabarmendu zuen Andoaingo zinegotzi Ainara Rodriguezek.
Kazetari Berria sariaren kasuan, kazetaritzaren hastapenetan dabiltzan kazetariei zuzenduta dago eta, hartara, 27 urtez azpikoak aurkez daitezke. Prentsa idatzian, agerkari digitaletan, irratian eta telebistetan plazaratutako lanak izan daitezke sarituak.
Proiektu komunikatiboak ez dira atal horietan sarituko, baina epaimahaiak aintzat har litzake horrelako egitasmoak, bai eta bestelakoak ere, Sari Berezirako.
Rikardo Arregi saria eskuratzen duen kazetariak 9.000 euro jasoko ditu; Kazetari Berria saria irabazten duenak, aldiz, 3.000 euro. Horrez gain, bi saridunei Rikardo Arregi Kazetaritza Sarirako Xabier Laka eskultoreak egindako eskultura bana emango zaie. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 14an amaituko da. Aurtengo epaimahaikideak Marijo Deogracias, Maria Gonzalez Gorosarri eta Xabier Landabidea izango dira.

«La maternidad nos da la oportunidad de aprender a mirar a nuestra niña interna»

Sabin Etxea fía ahora a un juez la resolución de su crisis en Getxo

«Que solo se permita comprar casas para vivir es legal, está sobre la mesa»

Martxoaren 3ko biktimen aurka jo du Gasteizko gotzainak: «Tentsioa dago»
