GARA
Eskubaloia

Magdeburg izango da Anaitasunaren aurkaria EHF Kopako final laurdenetan

Alemania ekialdeko taldeari egin beharko diote aurre nafarrek lauko finaleanegon nahi badute. Joanekoa, apirilaren 22-23an; itzulera, aste bat geroago.

SC Magdeburg talde historikoa izango da Helvetia Anaitasunaren aurkaria EHF Kopako final laurdenetan. Horixe izan zen atzo Vienan egindako zozketaren emaitza. Joaneko partida Iruñean jokatuko da apirilaren 22-23ko asteburuan, eta itzulerako dema aste bete geroago helduko da Alemania ekialdeko hiri ezagun horretan. Kanporaketa gainditzea lortuko balu –helburu oso zaila dela jakinda–, Anaitasunak lauko finala jokatuko luke maiatzaren 20-21eko asteburuan.

Nafarren aurkari izan zitekeen beste talde alemaniarra, Füchse Berlin, Grundfos Tatabanya hungariarraren aurka neurtuko da. Erabatekoa da alemaniarren nagusitasuna lehiaketa honetan, izan ere, hirugarren kanporaketan herrialde horretako beste talde bat ere badago –Melsungen, aurreko fasean Anaitasunaren multzoan egokitu zena eta orain Saint-Raphael talde frantsesaren aurka jokatu beharko duena–, eta laugarren taldea, Frisch Auf Göppingen, jada lauko finalerako sailkatuta baitago egungo txapeldun eta antolatzaile gisa.

Iraganean une gozoagoak bizitako taldea izan arren, talde indartsua da egun ere Magdeburg. EHF Kopako bere multzoan jokatutako sei partidetatik bost irabazita dator –Kolding daniarraren aurka berdindu egin zuen seigarrena–, eta Alemaniako Ligan bosgarren dago –Melsungen, esaterako, bederatzigarrena da uneotan–.

Taldeari dagokionez, atzerritarrez jositako jokalari multzoa du, tartean, Bundesligako goleatzaile nagusia den Robert Weber austriarra. Mads Christiansen daniarra izan liteke jarraitu beharreko beste jokalarietako bat.

Eta atzera begira jarrita, alemaniarrek irabazitako hiru Europako Kopak nabarmendu behar dira (1978, 1981 eta 2002), nahiz eta EHF Kopa (1999, 2001, 2007) eta Europako Superkopa (1981, 2001, 2002) ere hiruna aldiz irabaziak dituzten. Europako lehiaketetan ohiko taldea, Iruñean jokatzea zer den badakite, San Antonioren aurka, eta baita Bidasoaren kontra ere Irunen.

Ligan atzeratutako partida, gaur Sagunton

Europan pentsatzen hasi aurretik Asobal Ligako lanak bideratzea komeni zaio Anaitasunari, eta gaur aukera paregabea du Puerto Saguntoren pistan irabazi eta bosgarren postura igotzeko. Neurketa 20.15ean hasiko da eta 23. jardunaldiari dagokio, aurreko asteburuan atzeratu zena. Talde nafarra oso une onean iritsiko da hitzordura, eta etxeko taldearen bolada txarra luzatu nahiko du. Valentziarrek lau partida galdu dituzte jarraian, eta, Liga hasiera ederra egin ostean, nabarmen egin dute behera sailkapenean.GARA