Maite UBIRIRA BEAUMONT
H

Ipotxek txinpartak atera eta erraldoiek zuhurtziaz zakua bete

Iragan martxoan TF1-LCI telebista kateek antolatu norgehiagokan Frantziako presidentetzarako bost hautagai faboritoak lehiatu ziren. Asteartean parioa ez zen partida errepikatzea. BMFTV-Cnews telebistek helburu eta indar ezberdinekin jokatzen duten hautagaien agerraldia hobetsi zuten. 6,3 milioi ikuslek jarraitu zuten «Debate Handia».

Hautagai txikien gaua izatea aurreikusita zegoen eta horrela izan zen. Galtzeko gehiago zutenak isiltasunaren kudeaketan zentratu ziren batik bat. Telebistan azaltzeko askoz aukera gutxiago dituztenek hitza hartu zuten, batzuetan monologo ulergaitzak eskaini arren.

Jean Lassallen kasua izan zen. Landa eremuetako herritarren defentsa sutsua egin zuen, handik aurrera noraezean murgilduz. François Asselineau, berriz, frantziar Konstituzioa eta Europar Batasunaren tratatu nagusiak, batzuetan aspertzeraino, aletu zituen, “Frexit”-a aldarrikatzeko. Jacques Cheminade, bere aldetik, hitz aspertuetan murgildu zen, bere proiektuari buruz ezer gutxi argituz.

Txikitasuna ez da %5eko eremuan kokatzen diren hautagaiak ezaugarritzeko aldagai bakarra. «Hautagai langileak» eta ohiko alderdietako «aingeru eroriak» ez baitira txanpon berdinaren bi aldeak. Besterik ez bada, eztabaidak hori baieztatu zuen. Philippe Poutouk, NPAko hautagaiak, efektu kolpea lortu zuen. Bere burua Ford lantegiko behargin gisa aurkeztu ondoren, kaleko jendeak sentitzen duena argiki azaldu zuen. Iragazkirik gabe. Dotoreziaz, «hiritar arrunten» eremuan kokatu zuen berehala beste hautagai bat, Natalie Arthaud irakaslea eta Lutte Ouvrière alderdiko ordezkaria. Izan ere, lehenak herriari hitza eman zion bitartean, bigarrena kornerrean geratu zen, kapitalismoaren aurkako banderola harro defendatuz.

Poutou izan zen familia argazkian agertzeari muzin egin zion hautagai bakarra. Ustelkeriarekin harremana duten politikarien kontra jo zuen, «horietako batzuk hemen elkartu dira» esanez. «Gero eta gehiago arakatu, [François Fillonen] aferari gero eta kirats gehiago» hartzen diola ere adierazi zion lehen ministro ohiari.

Marine Le Pen out utzi zuen kolpea izan zen bere esaldirik txalotuena. FNko hautagaiari epaileen aurrean azaltzeari uko egin izana aurpegiratu zion. Bide batez, larrialdi egoera baliatuz Gobernuak jazarpena areagotu duela salatu zuen Poutouk.

«Batzuk Poliziaren deiei erantzutera behartuta gaude, langileontzat ez baitago immunitaterik», bota zion Poutouk eskuin muturreko hautagaiari, hura aho mutu utziz. Hitz horiek izan ziren eztabaidaren txinparta.

Horiez gain, muturreko subiranismoaren esparruan, Nicolas Dupont-Aignant atera zen garaile. Debout la République alderdiko buruak, 2007an herritarren borondatea bortxatuz Lisboako Itunari bide emateko eginiko hautua leporatu zion Francois Filloni. Eztabaidan, momentu oro hoztasun handia erakutsi zuen Fillonek mespretxu handiz erantzun zion. Eskuineko hautagaiarentzat etsaia bada Essoneko diputatua. Izan ere, inkestek botoen %4 lortuko dituela diote, eta, hain zuzen ere, boto horiek marka dezakete eskuineko presidentegaiaren salbazioaren edo lurperatzearen arteko marra. Are gehiago, eztabaidan «errepublikar arduratsuaren» papera egin zuen Jean-Luc Melenchonek, hautagai eskuindarrari orpoak zapaltzen dizkion honetan.

Melenchon, hautagai arduratsua. Aurreko norgehiagokan Benoît Hamon atzean utzi ondoren, Filloni aurre egitea posible dela erakutsi nahi izan zuen frantziar suminduen lemazainak “Debate Handian”. Kapitalismoaren kontrako hautagaiek Filloni botatakoak ziztada sarkorrenak txalotzearekin batera, kritika finak eta proposamenak egin zituen. Melenchonek Le Penen aurka baizik ez zuen igo tonua. «Utz gaitzazu bakean zure erlijio kontuekin», eskatu zion musulmanen aurka muturreko eskuindarrak zabaldutako hitz jarioa gelditzeko asmoz.

Harrigarria bada ere, Emmanuel Macron izan zen gaua lasaien igaro zuen hautagaia. Le Penekin buruz burukoa bilatu zuen tarteka, handik aurrera abantzu behatzaile gisa agertuz. Gezi bat edo beste jaso zuen, baina aparteko zauririk gabe bueltatu zen etxera. Txikiek zein handiek hautagai faboritoari nolabait men zergatik egin zioten aztertzea beste eztabaida baterako auzia litzateke...

Honi buruzko guztia: H