Arantxa MANTEROLA
BAIONA

Euskal Herriko 46 herritako haztegiak hustuko dituzte hegazti gripeagatik

Apirilaren 2an Nekazaritza ministroak agindutako «huste sanitarioa» egin beharko duten herrien zerrenda iragarri dute. Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako hegazti ekoizle ugarik haztegiak erabat hustu eta desinfekzio neurri gogorrak aplikatu beharko dituzte.

Stephan Le Foll Nekazaritza ministroaren esanetan, H5N8 birusak eragindako izurritearekin amaitzeko azken neurria izango da haztegien «huste sanitarioa». Hala, apirilaren 17tik maiatzaren 28ra, Estatu osoko 1.134 herrietako ahate eta antzara haztegiak hustuko dituzte, hau da, txita berririk ezin izango da haztegietan sartu, eta, behin hazkuntza-zikloa bukatzen denean, ekipamendu eta tresneria guztiak desinfektatu eta zirin guztiak atera beharko dituzte.

Ez hori bakarrik, hazkuntza berriari ekiteko, hainbat segurtasun neurri aplikatzera engaiatu beharko dira ekoizleak idatziz. Hegaztien garraiorako erabiltzen dituzten ibilgailuak garbitu eta desinfektatu egin beharko dituzte ibilbide bakoitzean, eta, gainera, hazkuntzaren etapa desberdinetan test aleatorioak egingo zaizkie. Neurriok urtebetez indarrean izango dira, zehazki, 2018ko martxoaren 31ra arte.

Biarno eta Landetako mugan

Ipar Euskal Herrian orotara 46 herritako haztegiek bete beharko dituzte arauok (3 Lapurdin, 26 Nafarroa Beherean eta 17 Zuberoan). Herriok Landetako eta Biarnoko mugetan daudenak dira hain zuzen ere.

Iazko azaro bukaeran hasi zen egungo izurritea, justu hilabete batzuk lehenago kontrolatutzat emandako beste baten ondoren. Orduan ere, hegaztien hiltze masiboak izan ziren eta huste sanitarioa ere gauzatu zen. Oraingo birus hau, ordea, ordukoa baino bortitzagoa izan da eta bereziki kolpatu ditu Landetako haztegiak (360.000 ahate eta antzara hil dituzte bertan).

Euskal Herrira duela hilabete bat iritsi zen izurritea. Mitikile Zuberoako herriko haztegi bat izan zen kutsatutako lehena eta 1.000 ahate hil behar izan zituzten bertan. Aurretik, hori bai, Gixune, Bidaxune, Akamarre eta Samatzen ere agindu bera jaso zuten, birusak mugakide zituzten Landetako haztegi batzuk kolpatu ostean babes eremuan sartu baitzituzten.