J. L.
PILOTA

Larralde eta Bilbao dira Berezkoen finala irabazteko faboritoak

Larralde eta Bilbao Waltariren eta Gixanduten aurka neurtuko dira bihar, 11.00etatik aurrera, Baionako Modernen, Berezkoen Binakako Txapelketako finalean.

Lehiaketa hau hasi zenean Larralde eta Bilbao hor izango zirela inork ez zuen dudarik, baina oso gutxik uste zuten Waltari eta Gixandut hor izango zirela. Alabaina, Kubakoak eta lapurtarrak beste faboritoak, Ospital eta Ducassou, kanporatu zituzten finalerdietan, eta txapelaren lehian arituko dira.

«Ezuste galanta eman dute Waltarik eta Gixandutek Ospital eta Ducassou kanporatuta, baina merezita irabazi zuten, gaitzeko partida egin da», dio Jean Baptiste Garatek, Berezkoetan hainbat txapel jantzitakoak. «Waltari aspaldiko ongien ikusi nuen, baina atzean Gixandut izan zuen. Honek sekulako neurketa egin zuen, eta garbi utzi zuen egungo atzelaririk onenetakoa dela», erantsi du.

Garatek garbi dauka, hala ere, Larralde eta Bilbao direla faboritoak. «Larralde eta Bilbao faboritoak dira, nahiz eta trinket hau primeran doakion Waltariri. Niri Kubakoak zalantzak sortzen dizkit. Joan den astean ere azkeneko hamar kintzeetan behera egin zuen nabarmen, eta Gixandutek atera zuen neurketa aurrera», azaldu du.

Bi bikote hauek lehen fasean ere neurtu ziren elkarren aurka, eta hori izango da zaleen erreferentzia. Orduan faboritoak, Larralde eta Bilbao, atera ziren irabazle, 40-31. Finala, ordea, ezberdina da, eta partida batera edozer gerta daiteke, joan den asteko finalerdian gertatu zen bezalaxe.

«Gaur egun Larralderi aurrean min egitea zaila da, baina Waltarik sakearekin asmatzen badu, lanak emango dituzte. Ni seguru naiz atzean Gixandutek ez duela hutsik egingo. Maila goreneko pilotaria dela erakutsi du txapelketa honetan, eta gibelekoen artean bi edo hiru onenen artean dago», esan du pilotari ohiak.

Azkenaldiko finaletan bezalaxe, final honetan ere gazteak dira nagusi, lautik hiru 25 urtetik beherakoak baitira, eta hori oso berri ona da. «Azkenaldian pilotari gazteak ari dira finaletan sartzen eta hori berri oso ona da. Badago 25 urtetik beherako boskote oso ona. Une honetan mailarik gorenean daude, eta hori gauza ona da. Zaleek ere eskertzen dute», esan du Garatek.

Sarrerak agortu egingo dira, eta Baionako Moderne leporaino beteko da Binakako finala ikusteko asmoz. Dirua hastapenean Larralderen eta Bilbaoren alde aterako da. Gero ikusiko da nolako joera hartzen duen.