Andoni ARABAOLAZA
MENDIKO ESKIA

Pirinioetako Hiru Handiak eskiekin eta «non stop» eran

Erresistentzia luzeko erronka apirilaren 12an bukatu zuten Borja Ortiz eta Gaizka Itzak, 41 orduko jardun gogorra eta gero.Aneto, Posets eta Monte Perdido lotzeko100 kilometroko ibilbidea eta ia 9.000 metroko goranzko desnibela gainditu dituzte.

«Nire azken erronka Pirinioetako Hiru Handiak eskiekin eta non stop eran lotzea izan da. Hots, Aneto (3.404 m), Posets (3.375 m) eta Monte Perdido (3.355 m). Helburu ederra izan da, eta oso sentsazio onarekin amaitu dut. Atsegin ditut izaera honetako xedeak: kide bat lortu behar duzu, harekin informazioa bildu, xehetasun guztiak partekatu... Eta hori guztia berriro bizi izan dut Pirinioetan Borja Ortiz lagunarekin borobildu berri dudan zeharkaldian».

Era horretara laburbildu digu Gaizka Itzak Ortizekin batera egindako erronka. Bizkaitarra erresistentzia luzeko jardunetan aski ezaguna da. Garai batean orriotatik behin baino gehiagotan igarotakoa da. Hasiera batean mendiko lasterketetan lortzen zituen emaitzengatik. Geroago, berriz, mendian korrika eta eskiekin egin dituen erresistentzia luzeko erronka azpimarragarriengatik.

Kantabriarra ere ez da batere ezezaguna, besteak beste, Itzarekin batera izaera horretako helburuak egin dituelako. Bi aipatuko ditugu; biak ala biak, gainera, eskiekin eginikoak: Chamonix-Zermatt (“benetako” ibilbidea) eta Europako Mendietako Eraztuna.

Behin aurkezpena eginda, bi kirolariok Pirinioetan sinatu duten balentriaren inguruan mintzatuko gara. Bi protagoniston xedea apirilaren 11n hasi zen; 04:30ean, hain zuen ere. Bukatu, berriz, biharamunean amaitu zuten, 21:30ean. Beraz, Aneto, Posets eta Monte Perdido lotzeko 41 ordu behar izan zituzten. Gainera, non stop eran. Aurretik ibilbide gogorra izan zuten: 100 kilometro. Eta desnibel positiboa kontuan hartzeko modukoa: 8.900 metro. Jakina, hiru mendi horien lotura egiteko Ortiz eta Itzak ez zuten bitarteko mekanikorik erabili.

Lerroburu horiek aipatu ondoren, aurreratu behar dugu eskiekin eginiko zeharkaldia ez zela hutsetik hasi. Agian, irakurleak gogoan izango du 2001. urtean Itzak berak Asier Irazabalekin batera aipatutako hiru mendi horiek lotu zituela korrika: «Garai haietan mendi lasterketa batzuk bazeuden, baina horrelako ezaugarriak dituen helbururik apenas zegoen. Aipagarria izan zen; egun, aldiz, horrelakoak gero eta gehiago egiten dira. Eginiko zeharkaldi horri esker bideak ondo baino hobeto ezagutzen nituenez, hurrengo ametsa zeharkaldia eskiekin egitea zen. Eta azkenenean Borjarekin lortu dut. Aipatu behar dut lehiak alde batera utzi nituenetik, beti han eta hemen ibili naizela. Eskuarki, eskiekin 2.000 metroko goranzko desnibela eta 10-12 orduko jardunak egitera irteten naiz. %60ko tarte aerobikoa baduzu, uste dut erronka hauek egiteko aukera badagoela. Kontua da metroak eta metroak egitea. Denboraren poderioz, ohartu naiz gorputza erresistentzia luzeko jardun horietan ondo moldatzen dela. Baina ohartu naiz ere, buruak egundoko indarra duela; hots, erabat laguntzen duela. Beraz, lehiaketetatik at, ikusi dut oraindik izaera hauetako abenturak egiteko gaitasuna badudala. Gainera, kidetasuna asko lantzen da, eta, beste behin, oso sentsazio politarekin amaitu dut».

Irazabalek eta Itzak korrika eginiko zeharkaldia 30 orduan bukatu zuten. Orain, Ortizekin, bizkaitarrak lotura bera eskiekin eta 41 orduan errepikatu du. Korrika eginikoarekin alderatuta, oraingoan ibilbidea luzeagoa izan da: «Ez dugu bide bera jarraitu. Aneto eta Posets mendien arteko lotura Perdiguerotik egin dugu. Eta Posets eta Monte Perdido artekoa, berriz, La Munia, Gavarnie... jarraituz. Asierrekin egin nuenak baino desnibel handiagoa du bide horrek».

Dena primeran

Bizkaitarrak onartu duenez, duela hamasei urte sinatutako jardueran ez bezala, eskiekin egin berri dutena ondo baino hobeto atera zaie: «Ez gara topera joan, gure asmoa ez baitzen errekor bat ezartzea. Baina aitortu behar dut denbora kontuetan oso fin ibili garela. Aneton, adibidez, La Renclusako aterpetik 04:30ean irten ginen eta gailurra 2 ordu eta 47 minutuan lortu genuen. Egunsentian, alegia. Kontuan hartu behar da normalean ibilbide hori egiteko 4-5 ordu behar direla, eta lasterketa batean bi ordu. Erritmo oso ona eraman genuen».

Aneto eta Posets mendiak lotzeko 30-40 kilometro egin zituzten, eta, 1.500 metroko desnibela gainditu ostean, azken mendi horren tontorrera iluntzeko zortzietan iritsi ziren. Parzanera jaitsi eta han Itzaren bikotea zain zuten; makarroi batzuk prestatu zizkien. Goizeko bostak ziren. Ordubeteko atsedena hartu, eta Monte Perdidora abiatu ziren. Robiñera lepoa, Puerto Viejo, Tucarroyako aterpea... eta azken mendiaren gailurra 20:30ean zapaldu zuten. Ordu erdi geroago Gorizeko aterpean ziren.

Alde guztietatik begiratuta, Itzak uste du zaila dela zeharkaldia era hain perfektuan egitea: «Anetoko gailurrean egunsentian geunden, Posets egunez igo genuen, Perdidoko tontorrera azken eguzki izpiekin iritsi ginen... Eguraldiarekin ere ez dugu batere arazorik izan. Jakina, beste garai batzuetan ez bezala, egun eguraldi iragarpen oso fidagarriak daude. Bestalde, zeharkaldia ilargi betearekin egitea erabaki genuen, eta, jakina, eite horrek asko lagundu digu. Ibilbide ia guztian kopetako-argia ez dugu erabili beharrik izan. Soilik jaitsiera batean. Goizeko hirurak ziren, aldats pikoei (%30) egin behar genien aurre, elurra gogorra zegoen... Kopetako-argiak batez ere erliebea ikusteko piztu genituen».

Protagonista honek onartzen duenez, elurraren zuritasunak asko lagundu die, baita haren baldintzek ere: «Jaitsiera gogorrenak 1.500 metroko desnibelekoak ziren. Eta ondo jaitsi ditugu. Korrika, adibidez, jaitsieretan asko sufritzen da, baina eskiekin, teknika baduzu, ez zara hainbeste nekatzen. Elurra ez zegoen alderdietan, batez ere haranetan, zapatilekin aritu gara. Jardun luzeok lasterka baino eskiekin egitea nahiago dut. Gutxiago sufritzen dut. Chamonix-Zermatt zeharkaldia, Mont Blanc igo eta jaitsi egunean... gogorra da. Ez dizut esaten aise egiten denik, baina ezberdina da».

Bestalde, eskiatzaile bizkaitarrak aipatu digu beste zeharkaldi luze batzuetan ez bezala, Pirinioetako honetan logurarekin ez duela hainbeste sufritu: «Arestian esan dizut den-dena primeran atera zaigula. Chamonix-Zermatt zeharkaldian, adibidez, asko sufritu nuen. Ia lokartu egiten nintzen, eta jakin badakizu hutsegite txiki batek ze ondorio izan ditzakeen».

Amaitzeko, Itzari galdetu diogu Alpeetan eta Pirinioetan egin dituen jardueren artean zein den gehiago bete duena: «Lasterketetan ez bezala, izaera honetako helburuek askatasun handiagoa ematen dizute. Urteen poderioz, kirolari bezala sendotzen joaten zara; eskarmentu handiagoa duzu. Hala, Pirinioetako azken erronka honetan bizi izan dudana ikaragarria izan da. Alpeetakoak baino gehiago gustatu zait. Han igaro behar dituzun eremuak askoz zorrotzagoak dira: glaziarrak, seracak... Alpeetan trantsizioak astunagoak dira, eta, Pirinioetan, berriz, atseginagoak. Desnibelari begiratzen badiogu, Pirinioetako erronka honetan 8.900 metrokoa izan da, eta, Alpeetakoan, 8.300 metro».