2017/05/04

Euskal Gune Ekosozialistaren lehen saio irekia, maiatzaren 9an, Bilbon

Irailean Nazioarteko III. Topaketa Ekosozialistak egin ondoren sortu zuten Euskal Gune Ekosozialista, eta orain hasiko dira honen baitan dagoen Herri Eskolan saio irekiak egiten. Lehena maiatzaren 9an izango da eta ondorengo asteetan gehiago antolatuko dituzte.

GARA|BILBO

ESKOLA


Herri Eskolak hausnarketarako, formakuntzarako eta proposamen zehatzak diseinatzeko balio du, beti ere gai nagusiak kontuan izanik.

2016ko irailean Bilbon egin ziren Nazioarteko III. Topaketa Ekosozialisten ondoren sortu zen Euskal Gune Ekosozialista. Gogoetarako eta eztabaidatzeko espazio horretan aktibistak, ikertzaileak eta bestelako adituak biltzen dira eta gizartean praktika ekosozialistak bultzatzea dute helburu.

Gune horren baitan dagoen Herri Eskolak bere lehenengo saio irekia eskainiko du maiatzaren 9an, Bilboko Bolsa auzo etxean (19.00). Bertan mintzatuko dira Joserra Becerra (Equo, Elkarrekin Ahal Dugu-ko Euskal parlamentaria), Ana Perez (Bilboko Emakumeen Asanblada) eta Zorion Ortigosa (LAB-Industria Federakundea), eta Euskal Herriko industriaren trantsizio ekosozialaren inguruan arituko dira. Eztabaidari jarraipena emango diote ekainaren 3an Santutxuko Karmelo espazioan, non esperientziak partekatzeko tailerra egingo duten 10.00etatik aurrera.

Bestelako jardunaldiak ere aurreikusi dituzte; esaterako, maiatzaren 12an pentsio publikoei buruz mintzatuko dira, baina ez dute horien inguruan informazio gehiago zabaldu.

Formakuntzarako lekua

Herri Eskola da formakuntzarako duten tresna nagusia, bestelako eredu bat posible dela pentsatzen duten pertsonei eskainia dagoen proiektu kultural eta hezitzailea dena. Hala, Euskal Herriak behar duen trantsizio ekonomiko, sozial, kultural, legegile eta lurraldeko trantsizioan sakontzeko beharra ikusten duten horiei zuzenduta dago. Herri Eskola, hausnarketarako zein formakuntzarako balio badu ere, proposamen zehatzak diseinatzera bideratuta ere badago.

Eredu honek joan den iraileko topaketari jarraitzen dio. Bertan tailer formatuaren bidez askotariko gaiak jorratu zituzten; hala nola ekoizpen eredua, zaintza eta enplegua, elikadura burujabetza, energia burujabetza, gizarteko berdintasuna eta lurraren defentsarako hezkuntza.

Topaketa horien lehenengo edizioa Genevan egin zen 2014. urtean; 2015ean Madrilen egin zuten eta iaz, aldiz, Bilbon. “Urgentzia ekologikoa eta larrialdi soziala: erronka ekosozialen aurrean alternatibak eraikiz” izan zen leloa.