Amalur ARTOLA
DONOSTIA

J.M. Coetzeeren «Jesusen eskola- egunak» argitaratu du Meetok-ek

J.M. Coetzeeren «Jesusen haurtzaroa» eleberriaren jarraipen lineala da «Jesusen eskola-egunak», Aritz Gorrotxategik itzulita Meetok-ek argitaratu berri duen eleberria. Estrella herrira iritsi berri den David haur bereziaren bizipenak kontatzen ditu bertan.

J.M. Coetzeek 2013an argitaratu eta Meetok-ek “Jesusen haurtzaroa” izenburupean euskarara ekarri zuen eleberriaren jarraipena da “Jesus eskola-egunak”. Hau ere Meetokek argitaratu du euskaraz eta, lehena bezala, Aritz Gorrotxategik itzuli du. «Lehenaren jarraipen lineala da», argitu zuen donostiarrak itzulpenaren aurkezpenean, eta zehaztu zuen, lehen eleberria David haurraren ihesaldiarekin amaitzen den bezala, liburu berrian haurra eta honen zaintzaileak, Ines eta Simon, landa inguruneko Estrella herrira heltzen direnean abiatzen dela.

Bigarren honetan zazpi urteko Daviden «berezitasunak» azaleratzen joango direla iragarri zuen Gorrotxategik. «Urrutiko leku horretatik etortzen diren haurrek ez dutelako euren iragana gogoratzen eta zerotik hasten dira, baina badirudi Davidek baduela gogoratzeko gaitasun hori», aurreratu zuen. Horrez gainera, herri berrian dantza-akademia batean hasiko da haurra eta irakasleen artean ere harridura sortuko du. Hain zuzen, akademia horretako atezaina, Dmitri, izango da eleberri berriko beste protagonistetako bat: «Dmitrik zerikusia izango du nobelaren erdialdera gertatzen den krimen batekin; honek nobelaren norabidea aldatuko du goitik behera», ziurtatu zuen itzultzaileak.

Erlijiotik urrun

Liburuaren izenak kontrakoa adierazten duen arren, Gorrotxategiren hitzetan, erlijioarekin zerikusi gutxi duen eleberria da Coetzeerena. «Izenburuak kalte egiten dio agian... Egia da badagoela paralelismo bat Jesusen eta Daviden artean: honek ere ama badu, baina ez dakigu oso ondo non, haur berezia da, Jesusek bezala honek ere ingurukoak harritu egiten ditu... Jesus berri bat balitz bezala aurkezten digu, baina kontakizunak ez du erlijio kutsurik», ziurtatu zuen. Coetzeek baieztatu ez badu ere, bigarrenaren ostean istorioari jarraipena emango dioten eleberri gehiago egongo direla uste du idazle eta itzultzaile donostiarrak. «Susmoa dut baietz, etorriko direla gehiago, Coetzeek edukiko duela buruan planteamenduren bat», esan zuen Gorrotxategik.