Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Putzua

Ayesha ez da sekula putzura joaten. Goizero, bera baino gazteagoa den emakume batek eta haren alabak ekartzen diote ura etxe atariraino. Ayeshak txanpon batzuk eman ohi dizkie trukean, esker onez. Herrian inork ez daki zergatik den, etxetik minutu gutxi batzuetara baitu putzua. Osasunez ere ez dabil makal; ez luke ahalegin berezirik egin beharko ur pitxerrak garraiatzeko. Senarra hil zitzaionetik diruz eskas ibili da. Herriko neskatoei ematen dizkien Koran klaseek ez diote bere burua eta langabe dagoen semea mantentzeko nahikoa ematen. Eta, hala ere, nahiago du ura etxean jasotzeagatik ordaindu putzura joan baino.

“Khamosh Pani” (“Ur isilak”, 2003) filmaren amaiera arte itxaron behar du batek putzuaren arteko misterioa argitzeko. Ordurako semeak Pakistan estatu islamiko bihurtu nahi duen aktibista taldearekin bat egin du, eta musulmana ez den edo erlijioa “behar bezala” praktikatzen ez duten horien kontrako erasoetan parte hartzen dabil. Semearen jarrerak tristatu eta izutu egiten du Ayesha, erlijio fanatismoaren biktima izandakoa den aldetik. Indiaren banaketa gertatu zenean, 1947an, musulmanek emakumeak bortxatuko zituzten beldurrez, sikh erlijioaren ohore kodeari jarraituz ama eta alaba gazteena putzuan salto egitera behartu zituen aitak. Ayeshak (“Veero” garai hartan), ordea, ihes egitea lortu zuen hiru gazte musulmanen laguntzaz. Atzo salbatu zuten horiek, ordea, arerio moduan tratatzen dute gaur. Oraingoan bai, putzuan behera jauzi egingo du.