Xabier ETXANIZ ERLE
HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Tragediatik itxaropenera

Haur liburuetan kontatzen diren istorioetan askotan irakasteko asmoak pisurik handiena hartu, eta liburua hondatzen du, Rönnerek dioen bezala; beste batzuetan, entretenimenduak; bakar batzuetan aurki dezakegu bien arteko oreka, Sanchez Corralek zioen irakurketa pertsonala bultzatuz. Horietako bat dugu “Bidaia” hau; izenburuak berak gauza handirik adierazten ez duen arren, kontu ugari eta istorio ikaragarria kontatzen digu liburuak.

«Gure familia bizi ginen hiria ez zegoen itsasotik oso urrun. Horrexegatik, asteburu askotan txangoa egiten genuen hondartzara. Hala ere, pasa den urtean, gure bizitza aldatu egin zen bat-batean». Hitz hauekin hasten da album hau, eta hasierako irudian familia arrunt bat dugu, aita, ama, bi seme-alabak, hondartzan herrialde arabiar batean (etxeen estiloa eta koloreen erabilerak dira irudiari itxura arrotza ematen diotenak).

Irudiak, baina, eskuinaldean iluntasun handia du; itsasoko ura izan beharko zena beltza ageri zaigu… hitzetako azken mezuak adierazitakoari tragedia edo kutsu iluna emanez. Hurrengo orrian bertan argi erakusten zaigun tragedia: «Gerra hasi zen. Egunero, gure inguruko munduak zoritxar berri batekin harritzen gintuen, harik eta dena nahas-mahas hutsa izan zen arte», eta beltzak gainerako koloreei, gainerako irudiei, lekua hartzen die.

Aita hil ondoren, ama eta umeak ihesi abiatu beharko dira, «toki seguru batera», eta ihesaldi horren kronika dugu liburuaren zati nagusia, autoz, bizikletaz, oinez… hesiak gaindituz, itsasoa zeharkatuz, familiak segurtasunaren bila egingo du bidaia.

Egileak hitzekin eta irudiekin jolas egiten du, irakurlearengan sentimendua areagotzeko, guk geuk sentitzeko narratzaileak kontatzen digun bidaiaren zailtasuna, ikara, eragozpen multzoa. Kontu hau albistegietan entzuten dugu sarri, azkenaldian; oraingoan, baina, gure etxeko erosotasunetik ikusten (edo ikusten ez) dugun kontakizun hori beste ikuspegi batetik narratzen zaigu; ihesi dabilen umearen ikuspegitik, hain zuzen.

Sinplea, landua, koloreen tonu eta indarrarekin hitzei indar handiagoa emanez, Francesca Sannak istorio hunkigarri eta gaur-gaurkoa eskaini digu. Gogoetarako azken ideia utzita; izan ere, orri guztietan hegaztiak ageri dira, bazterrean, airean, zuhaitzetan… eta azken unean, narratzailearen familia trenean doanean: «Aurrera jarraitu dugu gau eta egun, gau eta egun, mugak eta mugak zeharkatuz. Eta trenetik, gorantz begiratu eta guri jarraika-edo datozen txori saldoak ikusi ditut… Horiek ere migratzaileak, gu bezala (…) baina txoriek ez dute mugarik zeharkatu beharrik». Eta itxaropenerako deia: «Espero dut guk ere, txoriek legez, etxe-txoko berri bat aurkitzea. Bakean bizi eta geure historia berriz hasteko toki bat».

Hitz horiekin amaitzen da liburu honetako testua; eskuineko irudian, aldiz, hegazti pila bat, mota eta estilo askotakoak eta hiru protagonistak zerura begira zuhaitz baten adarretik.

Istorio hau historia ere bada; hunkigarria, gogoetarako balio duena, gure munduan gaur bertan gertatzen ari den drama etengabe baten isla… asmatua izan zitekeen, baina amaieran egilearen oharrean adierazten den bezala, Italiako errefuxiatu-esparru batean bi neskaren kontakizunetik abiaturiko istorioa dugu, barka, historia.