Amalur ARTOLA
DONOSTIA
Elkarrizketa
JOSEAN BENGOETXEA
ANTZEZLEA

«Jendeari iraultza txikiak sortzeko nahia pizten dio ‘La mano invisible’-k»

Karteleran, «La mano invisible»-n ageri da bere izena. Oholtzan, «El jurado» eta «Idiot Txou»-n ikus dezakegu. Aurten zinemara iritsiko diren beste hiru filmetan ere parte hartu du. Eta oraindik ez gara 2017aren erpinera iritsi. Telefonoz bestalde, Madrildik mintzatu zaigu Josean Bengoetxea; lan baldintza prekarioak salatzen dituen «La mano invisible»-z lehenik, ogibide duen lanbidearen prekaritateaz gero.

Lan kontratu berezia sinatu duen harakina da Josean Bengoetxea David Macianek zuzendutako “La mano invisible” filmean: industria-nabe baten erdian jarri eta, ikuskizun batean bezala publikoa begira duela, gero zaborrontzira doan haragia zatikatzea izango du lanbide. Alboko postuetan izango ditu euren lanak ere hutsaren hurrengoa balio dutela sentitzen duten beste hainbat profesional (telefonia-operatzailea, mekanikoa, igeltseroa...). Filmak kapitalismoaren egiturek langileongan sortzen dituzten frustrazioek izan ditzaketen ondorio posibleez hausnartzen du eta, pelikulan ez bezala, proiektua aurrera «ahal bezain aske» ateratzeko kooperatiba eraiki zuen lantaldeak. Madrilen arrakasta izaten ari den film hau Gasteizen eta Bilbon ere ikus daiteke.

Ezohiko filma da «La mano invisible». Nola abiatu zen proiektua?

Zuzendariak berak mugitu du hasieratik. Baldintza txarretako hainbat lanetan ibili ostean krisialdi handia izan zuen lanbidearekiko, «nire bizitza guztian horrela bizi behar ote dut?» galdetzen zion bere buruari, eta halako batean Isaac Rosa-ren “La mano invisible” liburua topatu zuen. Sekulako iraultza izan zen beretzat, zentzua ematen zion jasandako guztiari.

Filma egitea erabaki eta taldetxoa bilduta, istorio hau askatasunez kontatzeko kooperatiba bat sortu genuen, eta horrela osatu zen. Filmak galdera asko jartzen ditu mahai gainean, eta Madrilen, esaterako, oso ondo funtzionatu du, normalean ikuslea eserita geratzen da azken titulura arte, eta horrek zerbait esan nahi du. Uste dut horregatik duela arrakasta, askatasun handiarekin nahi izan duguna kontatu dugulako inoren presiorik jasan gabe.

«Crowdfunding» kanpaina egin zenuten baliabideak pilatzeko.

Finantzaketa aldetik laguntza izan dugu, baina garrantzitsuena izan dugun babesa da, jende andanak eta hainbat elkartek (Coca Colaren aurkako talde bat, garbiketan dabilen emakumeen beste bat...) bat egin dute gure proiektuarekin pelikula estreinatu aurretik. Eta horrek eragina izan du. Jende askok sentitu du berea pelikula hau.

Garai batetik hona zinema eremuan euskaldunoi errespetua zaigu –“Loreak” aipagarria da zentzu horretan– eta uste dut pelikula honekin halako zerbait gertatzen ari dela, baina ikuspuntu zeharo desberdin batetik.

Jendea oso hunkituta ateratzen da aretoetatik, iraultza txikiak sortzeko gogoarekin. Giza eskubideen eta lanaren duintasunaren inguruko filma da, baina baita film entretenigarria ere, hori da bere bertutea.

Ikuslearekin konektatzeko gaitasuna duen filma da. Emanaldien ostean egin dituzuen solasaldietan zer aipatzen dizuete?

Publikoak erabat konektatzen du, bai. Kasu honetan gutxi hitz egiten da pelikulari buruz, pelikulak berak sorrarazten dituelako galderak eta ikuslea identifikatua sentitzen delako pertsonaia guztiekin. Esku ikusezin horren inguruan hitz egiten dugu, kapitalismoaz, lanaren duintasunaz, gizaki bezala lanarekin dugun harremanaz, aktibatu beharraz... Batzuentzat gogorra da bukaera, besteentzat beharrezkoa, baina ez du inor uzten hunkitu gabe edo iritzirik gabe.

Hor dikotomia eder bat sortzen da: gertatzen ari zaigun injustiziaz jabetzen gara, baina horri aurre egiteko beldur gara, edo beste aldera begiratzen dugu. Batzuek alderdi psikologikoarekin lotzen dute, baina Donostian egin genuen solasaldian, Maitane Arnoso –psikologoa eta EHUn Lanaren Psikologiako irakaslea– izan zen gurekin eta hark garbi esaten zuen lan munduaren egitura goitik bideratua dagoela. Orduan, noraino diren gizaki bakoitzak dituen beldurrak eta noraino dena aurrez egituratuta egotea... Horrek eztabaida politak irekitzen ditu. «Nor dago horren atzean?» izaten da galdera nagusia.

Antzerkia iradokitzen duen obra da: espazioak, argia...

Behar-beharrezkoa zen horrela izatea liburuarekiko fideltasuna mantentzeko. Hau gertatzen da toki batean, non lanbide ezberdinetako profesionalak hor dauden beharrean, foku baten azpian. Antzerkiarekiko badu, zorionez, hurbiltasun bat, eta horrek indarra ematen dio pelikulari; ez dago despistatuko zaituen elementurik eta pertsonaietan jartzen duzu arreta osoa.

Zergatik gomendatuko zenioke norbaiti film hau ikusteko?

Erabat beharrezkoa da bizi garen garai hauetan, non langileon borroka hori ahaztua dugun. Ukitzen dituen gaiak oso gureak diren arren, momentu batzuetan oso gogorrak egiten zaizkigu, baina dibertigarria ere bada.

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian egon zinetenean, David Macian zuzendariak esan zuen antzezle taldean nahi zintuela aktore aurpegia ez duen aktorea zarelako; bizilaguna edo, kasu honetan bezala, harakina izan zintezkeela.

Hara, hori ez dut gogoratzen [barrez]. Harro jartzen nau jende normal gisa har nazatela, gustuko dut bizilaguna edo ondoko tabernako tabernariaren pertsonaiaren nortasunean jartzea, gizaki guztietan daudelako kontatzeko mila sekretu.

«La mano invisible»-n ez ezik, Paul Urkijoren «Errementari»-n re ikusiko zaitugu aurten.

Urtarrilean bukatu genuen filmaketa. Ikusmira handia sortu duen proiektua da, baita guretzat ere. Oso pelikula zaila da, animaliak, haurrak, munstroak, gaua... denetarik dago, lokalizazio umelak, eta maisu bat horren atzetik. Beti egon izan naiz harro egin ditudan proiektuez, beti sentitu dudalako inportanteak direla, eta pertsonaiengatik baino gehiago zuzendariengatik oroitzen ditut, lantaldeagatik, gizatasunagatik. Antzerkia da askeen sentiarazten gaituen medioa, baina zinemak ere badu zerbait berezia.

Ziur esku artean baduzula proiektu gehiagorik...

Estreinatzeko daude Sami Fuentesen “Bajo la piel del lobo” eta argentinar batzuekin egin nuen Igor Legarretaren “Cuando dejes de quererme”. Antzerkian bukatzear da ustelkeriaren gaineko “El Jurado”-ren bira eta Ados-ekin “Idiot Txou” komediarekin gabiltza; obra arin eta alaia da eta niri gauza asko ematen dizkit. Eta, momentu honetan, Madrilen ari naiz “La Zona”, telebistarako telesaio bat egiten. Nahiko potentea da eta casting ederra du, beti zineman ibilitakorik ere bai: Eduard Fernandez, Emma Suarez, Sergio Peris-Mencheta, Carlos Bardem, Juan Echanove... Jende potentea dago lantaldean. “Crematorio” egin zuen Jorge Sanchez-Cabezudok zuzentzen du.

Esku artean horrenbeste proiektu izanda, zinema eta antzerkia batera lantzea tokatu izan zaizu maiz. Agendak bateratzea eromena izaten da...

Ba bai. Batzuetan eromena ere izaten da, baina okerragoa da etxeko sofan zain egotea, eta hori ere gertatzen da... Ez dakit jendeak ulertuko duen, baina agendak bateratzea zaila izan arren gustura egiten den lana da: ofizio honetan, inork ez daki hurrengo hilabetean zer gertatuko den, hori da auzia gurean, hori da kontua. Eta horrekin ohitu beharra daukazu.

Aurreko batean, irratian, esan zenuen antzezleen %8 bizi dela soilik antzeztetik.

Beste lanbiderik gabe, %8a, bai. Orain dela urtebete lan sakona egin genuen Aisge elkartean eta datuak hor daude: aktoreen %30ek 600 euro kobratzen ditu hilabetean –pobreziaren mugaren azpitik–, gehiengoak beste lanbide bat behar du etxea eta dilistak ordaindu nahi baditu, aktoreen erdiak 3.000 euro kobratzen ditu urtean antzeztetik, eta emakumeek lan bera eginda gutxiago kobratzen dute...

ZIUan, Zainketa Intentsiboen Unitatean, gaude, eta egoera okertzen ari da gainera. Aipatu dizudan solasaldi horietan beti esaten dut, orain dela urte batzuk mileurista zela gizartearen kapa baxuan zegoena eta gaur... bada zerbait. Baina azken astean zein izan da debatea? Ea kobratu gabe bekadunek lan egin dezaketen... hori da, horretan gabiltza gaur egun. Pentsa, ez da gure gauza bakarrik, gizartean dagoen kontu bat da. Agian, hemendik urte batzuetara, ordaindu egin beharko dugu lan egiteko...

Gauza asko daude gure kontra. Orain hilabete pasa antzerkiaren inguruko BEZa jaitsi zuten baina audiobisualarenak hor jarraitzen du, %21ean. Euskal Herri mailan, hor dabiltzan profesionalek, bai produkzioan eta bai beste alorretan, borroka beren aldetik egina dute eta jende andana dago oso prestatuta. Niretzat, administrazioaren laguntza da behar dena. Pirinioak pasatuta badago beste ikuspegi eta babes bat administrazioaren aldetik. Telebistaren kasuan ere, gure herriko motorra ETB da eta hor lan asko egin daiteke, baina gero eta gehiago ari da pobretzen...

Euskaldun asko dago aktore gisa lan egiteko kanpora joan behar izan dutenak.

Bai, zuk esan duzu, joan “behar” izan dutenak. Nik ez dut biktimista izan nahi, aktore baten esparrua anitza da eta hizkuntzak jakinez gero mundu guztia duzu, baina zure lurraldetik ez baduzu atera nahi... Nik gustuko dut kanpoan lan egitea, eta behar dut gainera, baina kontua da atera behar izate hori ez dagoelako hemen aukerarik. Zorionez, zineman ari bagara hor badago babes bat; Kimuak-ek, esaterako, asko lagundu dio euskal zinemagintzari. Oso jende hezia eta profesionala dugu baina... gero zer gertatzen da? Eten egiten dugu? Zer egiten dugu jende horrekin guztiarekin? Zinemaren munduan zerbait ari da mugitzen baina uste dut galdera horiek denak telebistara ere pasatu behar ditugula.

Euskal Aktoreen Batasunetik sare sozialetan izan diren euskal aktoreen gaineko «difamazioak» salatu dituzue. Hor daude Miren Gaztañaga eta Itziar Ituñoren aurkako erasoak.

Itziar eta Miren arrebak bezala dira niretzat, hamar mila gauza izango nituzke esateko... Ezin gara isilik geratu, baina esan nahiko nuke ez dela euskaldunon arazo partikularra: Madrilen gure lanbideko jende asko jasaten ari da halako erasoak. Aktoreak beti bizi izan gara, mendeetan zehar, besteen bufoiak izaten, Lantzeko inauterietako Ziripot bezala. Baina gauza batzuk ezin daitezke jasan.

Elkartetik, honek guztiak izan ditzakeen ondorio profesionalak nabarmendu dituzue.

Bai. Bueno. Beldurra hor dago. Kasu batzuetan izan ditu, Willy Toledorena argi eta garbi dago adibidez. Kontu eduki behar da sare sozialekin, olatuak dira, min handia egiten dute baina hiru-lau egunetan olatu handi eta nazkagarri horiek ere pasatu egiten dira, eta jakin egin behar da tokian egoten. Pasatu daitezela.