Jon LEUNDA
Urrezko aizkora

Finalerako lehen txartela banatuko da Orozkon

Eneko Otaño, Iker Vicente eta Jon Rekondo lehiatuko dira gaur, 12.00etan. Aurrenekoa sailkatuko da eta bigarrenak beste kanporaketa bat jokatuko du.

Urrezko Aizkorako Buruz Buruko aurreneko finalerdia jokatuko da gaur Orozkoko plazan, 12.00etan. Eneko Otaño, Jon Rekondo eta Iker Vicente lehiatuko dira. Hiru aizkolari gazte izango dira aurrez aurre, ikuskizuna emango dutenak.

Orain arteko probetako lan handiena izango da gaur egin beharko dutena. 45 ontzakoa erlojuz kontra ebakiz hasiko dute saioa. Ondoren, tamaina bereko enborra zutik jarrita ebaki beharko dute. Hirugarren lana, oinbikoa moztea izango da. Laugarrengoan, zutikako 45 ontzakoa eta etzandako kana-erdikoa ebaki beharko dituzte, eta azkenik, iraupen proban, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu beharko dituzte.

Bi zutikako enbor egongo dira eta horrek, dudarik gabe, min egingo die aizkolariei. Orain artean zutikako enbor bakarra izaten zuten, baina gaurko bigarren horrek denbora galaraz liezaioke bakarren bati. Hala ere, bigarren zutikakoan, kana-erdiko bat badute etzanda jarrita eta hor denbora berreskuratu ahal izango dute. Irabazleak finalerako txartela lortuko du, eta bigarrenak, beste hiru multzoetako bigarrenekin batera, kanporaketa bat jokatu beharko du finalean sartu nahi baldin badu, azkeneko egunean lau aizkolari izango baitira.

Kuartangoko Zuhatzun jokatuko da bihar, 12.30ean, 23 urtez azpikoen finalerdia. Bertan Kañamares IV.a eta Larrea III.a lehiatuko dira. Irabazleak Etxeberria II.aren aurka jokatuko du finala.

Harri-jasotzea

Pastorkuaren Oroimenezko Torneoko kanporaketa ere jokatuko da asteburu honetan. Orozkon izango da gaur, aizkolariekin batera, eta han lehiatuko dira Joseba Ostolatza eta Iñigo Eizagirre. Harri-jasotzaile bakoitzak 125eko errektangularra, 113ko kubikoa eta 100eko bola erabiliko ditu. Kirolariek minutu eta erdiko txandak izango dituzte harri bakoitzarekin jarduteko. Jasoaldirik gehien lortzen dituenak irabaziko du kanporaketa.