Ariane KAMIO
ERRENTERIA

Musikasteren urteurren edizioa abiatuko da ostiralean, Errenterian

Andra Mari Abesbatzaren berrogeita hamargarren urteurrena eta Oskarbi eta Easo Eskolaniaren hogeita bosgarrena ospatuko ditu aurten Musikaste Euskal Musikaren Asteak. Gitarra izango da nagusitasun gehien izango duen instrumentuetako bat eta Euskal Herriko konpositore zaharren eta sortzaile berrien lanak ezagutzeko aukera eskainiko du, Pablo Sorozabalek 40ko hamarkadan sortutako obra bat, kasurako.

Musikastek hamar estreinaldi, eta 35 musikagileren lanak –horietatik hamabi oraindik bizirik daudenak– eskainiko ditu ostiraletik aurrera. Urteurren edizioa izango du aurten Errenterian egiten den Musikaste Euskal Musikaren Asteak. Jaialdiak berak 45 urte beteko ditu, baina ez da bakarra izango. Andra Mari Abesbatzaren 50. urteurrena izango da, Oskarbi taldearen berbera. Eta Easo Eskolaniak ere badu zer ospatu, bere 25 urteko ibilbidearekin.

Bederatzi egunetan hainbat generotako musika ezezagunak entzuteko aukera izango da Errenterian. Jon Bagües Eresbileko zuzendariak hiru alor nagusi azpimarratu zituen atzo egindako aurkezpenean. Urteurrenena da bata. Bigarrena, gitarra. Aurten, instrumentu horrek garrantzi nabarmena izango du Musikasten ganbera musikako kontzertu berezi batekin. Hirugarrena, musikagileen presentzia, ezezagunak diren obren estreinaldiarekin, Pablo Sorozabalek 40ko hamarkadan “Jai Alai” filmerako sortutako bat, esaterako. Era berean, berriki hil den Maria Luisa Ozaitaren izaera ekarriko dute gogora, emakume musikagileen lana ikusarazteko lan eskerga egin baitzuen.

Astelehenean izan zuen lehenengo kontzertua Musikastek emanaldi pedagogiko batekin, baina zuzenekoak etzi hasiko dira, ofizialki. Hala, lehenengo kontzertua Musikeneko ikasleek eskainiko dute. Brais Novoa, Luis Fernandez Bañuelas, Jose Angel Babiano, Diego de Amigo, Palomo Virseda eta Jose Ramon Garciaren lanak daude programatuta, eta Bilboko Ensemble Kuraiaren emanaldia. Bertan, Ozaitaren obra bat entzuteko aukera izango da (ostirala, 20.00, Niessen).

Larunbatean izango du Andra Mari Abesbatzak bere mende erdiko ibilbidea ospatzeko aukera. Orotara 160 ahots –gaur egungoak eta taldetik igaro direnak– Errenteria Musikal Kultur Elkarteko Bandarekin batera arituko dira, eta oholtzan lagun izango dituzte Maite Arruabarrena eta Itziar Martinez bakarlariak, beren ibilbidea Andra Marin hasi zuten artistak (Fatimako Parrokia, 20.30).

Igande eguerdian Herriko Enparantzan izango da hitzordua, 12.30ean, Errenteriako Udal Txistu Bandako emanaldiarekin. Bertan Jose Antonio Eguia, Pablo Sorozabal eta Jose Yanciren lanak izango dira entzungai.

Musikastek jarduera pedagogikoak hartuko ditu bere baitan. Lehenengo zita astelehenean izan zen eta hurrengoak gaur eta bihar izango dira. Errenteriako 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzako kontzertu didaktikoak izango dira ikusgai. Bestetik, 25ean eta 26an Errenteria Musikaleko eta Elgoibarko musika eskoletako ikasleen emanaldiak programatu dituzte.

Gitarra

Gitarra nabarmenduko den instrumentua izango da aurten. Ez da ohikoa gitarra euskal musika tradizionalarekin lotzea, baina badaude, ordea, kontrakoa adierazten duten datuak. Hiru ataletan banatutako kontzertua izango da hilaren 25ean, ostegunez, Niessen Kulturgunean (20.00), Andrea Gonzalez Caballero, Enrique Solinis eta Carmen Becerraren eskutik.

Ostiralean, hilak 26 (20.00, Fatimako Parrokia), izango du Easo Eskolaniak bere egunik handiena koruen egunarekin batera. Emanaldi berean parte hartuko du Biarrizko Itsasoa abesbatzak, eta Oskarbi taldeak bakarka parte hartuko du. Bere emanaldiaren ostean Iker Gonzalezek Musikasterako moldatu dituen hiru abesti eskainiko dituzte Landabarso abesbatzaz lagunduta.

Musikasteko amaierako kontzertuak jaialdiaren sortzaile den Andra Mari Abesbatza eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoa elkartuko ditu, “Jai-Alai: Suite musical de un film” lanaren estreinaldian. 1940an Ricardo Rodriguez Quintanak egin zuen filma galdutzat ematen da, baina Pablo Sorozabalek sortutako soinu banda oraindik gordeta dago. Musikastek estreinako aldiz filmaren soinu bandaren zatirik aipagarrienak aurkeztuko ditu.

Kontzertuak izaera nafarra izango du, Jesus Garcia Leoz, Tomas Asiain eta Pascual Aldave musikagileen hiru obra sinfoniko jasoko dituelarik. Jesus Echeverriak zuzenduko du emanaldia. Musikasteren 45. edizioko informazio guztia www.musikaste.com web orrialdean dago eskuragarri.