Jon LEUNDA
Urrezko aizkora

Finalerako bidean beste bi txartel banatuko dira

Gaur Zegaman jokatuko da kanporaketa, eta bihar Galdakaon izango da.

Urrezko Aizkorako bi finalerdi jokatuko dira asteburu honetan eta finalaren aurretik jokatzeko beste bat besterik ez da geratuko. Zegaman eta Galdakaon izango dira aipaturiko bi kanporaketak.

Zegamako Toki Alai pilotalekuan jokatuko da gaurko norgehiagoka, 19.00etan hasita. Iñaki Azurmendi, Ugaitz Mugertza eta Xabier Zaldua lehiatuko dira. Azken honek ordezkatuko du Arria V.a. Errezildarrak zenbait arazo fisiko ditu, eta sendagilearen aginduz, oraingoz atseden hartu beharko du.

Bihar Galdakaoko Kurtzeko plazan jokatuko da beste kanporaketa 12.00etan hasita. Aitzol Atutxa, Ruben Saralegi eta Donato Larretxea lehiatuko dira. Bi kanporaketa hauetako irabazleek zuzenean lortuko dute finalean sartzeko txartela, eta bigarren sailkatzen direnek beste kanporaketa bat jokatu beharko dute. Azkena geratzen direnak, berriz, Urrezko Aizkoratik kanpo geratuko dira.

Saio batean zein bestean aizkolari bakoitzak bost lan egin beharko ditu. Aurrena, erlojuz kontra ebaki beharko dute 45 ontzako enborra. Ondoren, zutik jarritako 45 ontzakoa izango da erdibitu beharko dutena. Hirugarrengoan, oinbikoa zeinek azkarrago moztu lehiatuko dira. Laugarrengoan, zutik jarritako 45 ontzakoa eta etzanda jarritako kana-erdikoa ebaki beharko dituzte, eta azkenik, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako izango dituzte moztu beharrekoak.

Bihar, berriz, 17.30ean hasiko da Aiako pilotalekuan Gipuzkoako Bigarren Mailako aizkolarien kanporaketa. Bertan, honako kirolari hauek hartuko dute parte: Jokin Alkizalete, Julen Aranberri, Jon Irazu, Aratz Mugertza, Joseba Otaegi, Unai Otaegi, Eneko Otaño, Luix Txapartegi, Aitor Urteaga eta Xabier Zaldua.

Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu, eta aurreneko sei sailkatuek lortuko dute uztailaren 2an Usurbilen jokatuko den finalean aritzeko txartela.