GARA
MENDI LASTERKETAK

Kilometro Bertikala gaur, Zegamako festa hasteko

Heldu da aurten ere Zegama-Aizkorri mendi maratoi entzutetsuaren beste ekitaldi bat, aurtengoa jada hamaseigarrena. 42 kilometro eta ia 5.500 metroko desnibela duen proba igande goizean jokatuko da, baina azken urteetako ohiturari jarraituz, ikuskizuna gaur hasiko da Kilometro Bertikalarekin.

Aurtengoa hirugarren edizioa da eta 16.00etan hasiko da Zegamatik. Kasu honetan, ibilbidea 5.200 metrokoa da (3.000 metro neurtuak eta 2.200 neutralizatuak), Iraulen amaitzeko, 1.105 metroko desnibelarekin. 250 parte hartzaile izango dira lehian eta azken korrikalaria 17.40-18.00 aldera iritsiko da.

Igandera begira, aurten Kilian Jornet ez da parte hartzaileen artean izango. Kataluniarrak zortzi aldiz irabazi du Zegamako lasterketa, baina aurten beste lan batzuetan murgilduta ibili da eta orain egun gutxi Everesten abiadura marka berria ezarri du, igoera 26 orduan betez.

Kilianen hutsunea baliatzen saiatuko diren korrikalarien artean Aritz Egea euskalduna aipatu beharra dago, nahiz eta urretxuarrak aurkari asko eta onak izango dituen: Marc Lauenstein eta Remi Bonnet suitzarrak, Marco De Gasperi italiarra, Jonathan Albon britainiarra, Stian Angermund norvegiarra edota Zaid Ait Malek eta Ismail Razga marokoarrak.

Nesketan, Megan Kimmel estatubatuarra eta Emelie Forsberg suediarra izango dira faborito, nahiz eta Anna Frost edo Ruth Croft ozeaniarrak ere kontuan izan behar diren. Euskaldunen artean Maite Maiora izango da itxaropen nagusia.