Jon GARMENDIA
Idazlea

Erran beharrak

Lehen maitasuna bai, eta lehen muxua ere bai, baina ez duzu oroitzen lehen aldiz «maite zaitut» erran zenuen eguna, ez eta noiz erran zizuten zuri ere. Urteak pasa dira geroztik, edo hala ondorioztatzen duzu, eta entzuten duzun aldi bakoitzean harpe-zuloan marrazki paleolitikoen xerka dabilen antropologoa dirudizu zure memoriaren xokoak miatuz «maite zaitut, asko maite zaitut» baten aiduru. Indusketak lan gehiegi galdegiten dizu ordea, eta okerrena, nondik hasi jakiten ez denean mundua unibertso erraldoi bilakatzen dela, bere zulo beltz eta guzti. Plazer egiten dizu maite zaituztela entzuteak, antzera fereka gisako maite-maite gozoa jasotzeak, baina zuk erran behar duzunean zerbait galduko bazenu bezala bizi duzu, askatu beharreko korapilo bat bailitzan, zuk erran bezain laster besteak pentsatuko duena kontrolpean izan nahi duzula igartzen zaizu. Errazagoa da ailegatzear den udaz hitz egitea, edo ahotsera elkarrizketa hitzez betetzeko adina krabelin gorri ekartzea. Beharbada arrazoi du mundura zenbaki izateko heldu garela dioenak. Polo negatibo eta positiboaren eragina izanen da, hotza eta beroarena, zure ezker hemisferio eta eskuinarena, katedraleko gargolena edo eliza barneko santu guztiena bestela, baina teoria hobeki kontrolatzen duzu praktika baino. Eta horretan zaude, maitatua izaten noiz hasi zinen pentsaketan. Asko maite duzun horrek erran dizun arte, ez dela garrantzitsuena zure bizi historian galdutako lehen «maite zaitut» horren xerka ibiltzea, azkenekoak baino ez duela garrantzirik, adibidez, zeruak ilundu aitzin eta argitu baino lehenago erran behar duzu horrek.