Jon LEUNDA
Urrezko aizkora

Jon Rekondo leitzarra izan da Bakarkako final handian sartu den azkenekoa

Aizkolari nafarra jaun eta jabe izan da hasieratik bukaerara. Jokatutakobost probetatik lautan lortu du garaipena. Xabier Zaldua izan da bigarrena.

Jon Rekondok irabazi zuen atzo Amurrion jokatu zen Urrezko Aizkorako azken finalerdia, eta, ondorioz,, bera izango da datorren igandeko finalean. Han izango dira ere Ugaitz Mugertza, Aitzol Atutxa eta Iker Vicente.

Hasteko, 45 ontzakoa erlojuz kontra ebaki behar izan zuten. Ondoren, zutik jarritako tamaina bereko enborra bota behar izan zuten. Hirugarrengoan, oinbikoa zeinek azkarrago ebaki lehiatu ziren. Laugarrengoan, zutik jarritako 45 ontzakoa eta etzanda jarritako kana-erdikoa ebaki behar izan zituzten. Azkenik, iraupen proba izan zuten, eta hor aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu behar izan zituen.

Jon Rekondo nagusi izan zen, eta erabat gainera. Bost probetatik lautan lortu zuen garaipena, eta bestean bigarren izan zen. Lehendabiziko enborretik bertatik erakutsi nahi izan zuen atzoko onena zein zen. Hor, bere lana 42 segundoan burutu zuen. Otaegiri lau segundo kendu zizkion, bost Zalduari eta zazpi Larretxeari. Zutik jarritako enborrean, alde horiek handitu egin zituen Leitzakoak; minutu eta 22 segundoan bota zuen, eta zazpi segundo kendu zizkion Larretxeari, 25 Zalduari, eta 33 Otaegiri. Lehen bi probak amaituta, leitzarra lehen postuan zen, eta gainerakoei aldea kenduz, gainera.

Hirugarrengoan, ordea, Xabier Zaldua izan zen lau aizkolarietan onena. Zumarragakoak, 3 minutu eta 37 segundo behar izan zituen bere lanak amaitzeko. Zortzi segundo kendu zizkion Rekondori, 33 Larretxeari eta 50 Otaegiri. Hala ere, Rekondok lehen postuan jarraitzen zuen.

Errematea

Bi lanik luzeenak geratzen ziren proba amaitzeko, eta horietan eman zuen errematea Jon Rekondok. Leitzarrak lan horietan aldeak handitu egin zituen, eta amaieran oso garaipen erosoa eskuratu zuen. Laugarren lana aise eraman zuen. Jonek 3 minutu eta 45 segundo behar izan zituen eginbeharrak egiteko. Atzetik Zaldua sailkatu zen 20 segundora. Hirugarren Otaegi sailkatu zen minutu eta 14 segundora, eta, azkena, Larretxea, minutu eta 17 segundora.

Iraupen probara, azken saiora, Rekondo ia minutu bateko tartearekin sartu zen, eta gertuen Zaldua zeukan. Gainerakoei, are eta alde nabarmenagoa kentzen zien. Azkeneko lan horretan, gainera, Leitzako aizkolariak errematea eman zuen, lehen zeukan aldea handitu egin baitzuen. Bere lana 8 minutu eta 41 segundoan bukatu zuen. Atzetik Otaegi sailkatu zen, eta Zizurkilgoak 8 minutu eta 58 segundo behar izan zituen bereak amaitzeko. Zaldua sailkatu zen hirugarren; eginbeharrekoak 9 minutu eta 24 segundoan bukatu zituen, eta, Larretxeak, 10 minutu eta 45 segundoan.

Lan guztiak burutzeko, berriz, Jon Rekondok 17 minutu eta 53 segundo behar izan zituen. Bigarren Xabier Zaldua izan zen, eta Zumarragakoak 19 minutu eta 18 segundo behar izan zituen. Hirugarren postua Joseba Otaegirentzat izan zen. Zizurkilgoak 20 minutu eta 48 segundo behar izan zituen. Laugarren Larretxea geratu zen. 21 minutu eta 53 segundo behar izan zituen guztira.