Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Gerrara batu ziren emakume sobietarren memoriak

«Gerrak ez du emakume aurpegirik» izenburu kritikoaren azpian bildu zuen Svetlana Aleksievitxek II. Mundu Gerran gerran aktiboki parte hartu zuten emakumeen memoria. 2015ean Nobel saria jaso zuen testigantza liburuagatik, eta orain euskaraz ere irakur daiteke.

Gure iruditerian gerra gizonezkoen munduarekin lotzen badugu ere, II. Mundu Gerran, esaterako, ia milioi bat emakume sobietar bildu ziren borrokara. Erizain edo mediku izan ziren batzuk, frankotiratzaile edota tanke-gidari beste asko, eta historian ukatu izan zaien lekua eman eta, bide batez, gerra emakumeen optikatik ere azaltzearen garrantziaz jabetuta abiatu zuen Svetlana Aleksievitxek “Gerrak ez du emakume aurpegirik” proiektua. Idazle eta kazetari bielorrusiarrak Nobel saria eskuratu zuen orain bi urte ia ehun emakumeren testigantzak biltzen dituen liburu horregatik eta, Elkar argitaletxeak, Arrasateko Udalak eta AED elkarteak sostengatzen duten Zaitegi sariari esker, euskal irakurleen eskura ere badago jada.

Iker Sancho izan da liburua euskarara ekartzearen arduraduna eta, itzulpenaren aurkezpenean hark gogorarazi zuen bezala, Aleksievitx 1948an jaio zen Ukrainan eta, aita bielorrusiarra eta ama ukrainarra izanik, errusieraz eman izan ditu bere literatur eta kazetaritza lanak. Hamarkada betean Bielorrusiako hainbat egunkari eta aldizkaritan aritu ostean, 80ko hamarkadan estilo dokumentalari heldu eta Sobietar Batasuneko jendartearekin lotutako gaien inguruko proiektuak abiatu izan ditu, betiere ikuspegi kritikoa landuz. Hala, besteak beste Txernobyleko hondamendia edota Sobietar Batasunaren desegiteak jendartean izan zituen eraginak aztertu izan ditu, dinamika berezi bat jorratuz: «Svetlana Aleksievitxek kazetari lanak egiten ditu era berezian. Berak esaten du pertsona bati galdetzen badiozu bere oroitzapenak kontatuko dizkizula, baina berarekin bizpahiru egunez bizitzen bazara, arropa esekitzen edo tea hartzen ari dela laguntzen badiozu, gerraren epikaren azpian geratzen direnak ere kontatuko dizkizula; gerraren miseriak eta gizatasunaren handitasuna ere azaleratuko direla», nabarmendu zuen Elkarreko editore Xabier Mendigurenek. Eta, hain zuzen, hori izan zen lan honetarako egin zuena: II. Mundu Gerran borrokan aritu ziren ia ehun emakume sobietarrekin izandako elkarbizitzarekin haien testigantzak bildu.

Kontakizun gordinak

Sanchok liburuaren bi ezaugarri azpimarratu zituen: gerrako kontakizunen gordintasuna eta gerraren ikuspegia emakumeen begietatik eman izana. «Sobietar Batasunaren eta Alemaniaren arteko gerraren gordintasunak ez dauka zerikusirik Europan gertatu zenarekin, elkarren suntsiketa garbira bideratutako gerra izan zen eta horrek eragin zituen zauriak hor daude oraindik», azaldu zuen batetik. Kontakizunean emakumeen eguneroko bizitza kontatzen dela ere zehaztu zuen, eta pasarteetariko asko «oso gogorrak» direla ere nabarmendu zuen Sanchok, zenbait adibide jarriz: «Batek kontatzen du alemaniarrak atzetik segika zituztela, bera eta bere hogeita bost kideak salbatzeko haurra aintzira batean ito beharra izan zuela. Beste batek, aldiz, hilekoa lehen aldiz jaitsi eta zer gertatzen ari zitzaion ez zekienez zauritua zegoela pentsatu zuela, eta medikuak azaldu behar izan ziola zer zen hura. Edo Alemanian sartu eta bertan nola bizi ziren ikustean, ‘baina hauek zertarako datoz gurera?’ pentsatu zutela, haien bizi baldintzak ikusi zituztenean. Balio handia duten testigantzak dira, gerra gizonentzat egina dagoelako, hasi arropetatik eta eremu militarreraino, eta emakume hauek gerrara idealismoz beteta doaz, beste modu batera ikusten dute gerra», ziurtatu zuen itzultzaileak.

Gerran bizi izandakoek eta gerraosteko garai latzek, biek dute lekua testigantza hauetan. Sanchok azaldu zuenez, emakume hauek gosetea eta herriaren umiliazioak ere pairatu behar izan zituzten euren jatorrizko herrietara itzultzean, «gerraren ondorenean gizonak heroitzat eta emakumeak emagaldu gisa jasotzen baitira. Kontatzen dute nola esaten zieten: ‘Zuek horra senargai bila joango zineten’».

Kontakizun horiek guztiak bilduz, Aleksievitxek emakume sobietarrei ahotsa eman eta eurek bizi izan zutena euren optikatik ezagutzeko aukera ematen du, orain euskaraz ere bai.