2017/06/09

Zazpi emakumek tradizioaren hariak ehunduko dituzte Igartubeiti museoan

Ezkio-Itsasoko Igartubeiti museoak zazpi emakumek hariak erabilita egin dituzten artelanak bilduko ditu «Hariak galtzen» erakusketan. Bihartik urriaren 1era bitartean egongo da ikusgai.

Amalur ARTOLA|DONOSTIA
0609_kul_erakusketa

Tradizioaren eta garaikidetasunaren arteko lotura egin nahi duen erakusketa da “Hariak galtzen”. Hariekin artelan ezberdinak egiten dituzten zazpi emakumeren –Lola Altolagirre, Idoia Cuesta, Arantxa Diez Redondo, Karmen Esnaola, Kris Meraki, Yolanda Sanchez eta Maria Zubizarreta– lanak biltzen ditu erakusketak eta, Gipuzkoako Diputazioko Kultura zuzendari Mari Jose Telleriaren hitzetan, «hariak galdu beharrean irabazi, josi, lotu nahi dituen erakusketa da».

Erakusketaren komisario Garazi Ansaren hitzetan, ehungintza oinarri duten proiektuen bidez «lengoaia artistiko honen erreibindikazioa egin nahi genuen» eta Ezkioko Igartubeiti baserri-museoa aldarrikapen hori egiteko espazio aproposa dela erabaki zuten: «Egungo arte produkzio berriek iraganekoekin duten lotura estua ikertu nahi izan dugu, nondik datozen ikusi. Horretarako, saiatu gara Igartubeitiko testuinguruaren eta piezen arteko elkarrizketa sinbiotiko bat egiten», nabarmendu zuen.

Artelanak eta Gordailua

Erakusketan parte hartu duten zazpi artistetako bat ere, Maria Zubizarreta, izan zen erakusketaren aurkezpenean eta, azaldu zuenez, iragan abenduan Donostiako Kristina Enean egindako erakusketa batean dago Igartubeitira eraman dutenaren oinarria: «Hamahiru emakume ginen taldean eta horietatik zazpirena ikusi ahalko da. Aukera polita egin dute», esan zuen, eta ontzat jo zuen emakume artistek osatutako erakusketa egin izana, «emakumeen eta artearen artean beti dagoelako borroka. Gainera, guk ehungintza artea egiten dugu, eskulana, eta mota askotakoa izan daiteke», nabarmendu zuen. Hala, Igartubeitin irazki-hari garaia zein baxua, irutea, saskigintza, enfeltratuak, brodatuak, tindatzeak... denetariko teknikak erabilita egindako piezak ikusi ahalko dira eta, horiek baserri-museoaren espazioari lotzeko, Gordailuko –Gipuzkoako Diputazioaren Kultur Ondare Higigarrien Zentroko– hainbat pieza ere jarriko dituzte ikusgai, besteren artean goruak, ezpatak eta ardatzak bezalako tresna eta lanabesak.

Museoko koordinatzaile Kizkitza Ugarteburuk, bere aldetik, bihar 12.00etan egingo den inaugurazio ekitaldiaren ostean bisitaldi gidatua izango dela nabarmendu zuen eta datozen egunetan egingo diren jarduera paraleloen berri ere eman zuen. Ekainaren 25ean bisita gidatua eta gazte zein helduei zuzendutako Ecoprint tailerra egingo da, baserri-museoko ingurunean bildutako hosto, lore eta sustraiak erabilita. Horrez gainera, irailean –oraindik ez dute data zehaztu– Lola Altolagirrek “Arto-hostoekin ehuntzen” tailerra eskainiko duela ere iragarri zuen museoko koordinatzaileak.