2017/06/11

AGUSTIN ARRIETA URTIZBEREA
EHU-KO IRAKASLE ETA IDAZLEA

Agustin Arrieta Urtizbereak (Errenteria, 1962) «Zientziaren argi-itzalak» liburua kaleratu berri du, zientziagintzaren gaineko gogoeta orokorra egin eta horren argazkia plazaratu ahal izateko. Dioenez, konplexua da irudi hori, baina ezin da ahaztu gizakiak berezko duela zientzia bidea.

«Zientziagintzaren erabakiguneak gurera ekarri behar dira»
Nerea GOTI|BILBO
0618_eh_agustinarrieta

Zientzia jardueraren argazki bat egitea zen abiapuntua. Zer ikusten da irudi horretan?

Argazkia konplexua da, eta argi-ilunez betea. Zientzia bidearen jatorrian gizakiaren premiak daude, ingurua ulertzeko eta esplikatzeko edo inguruan eroso ibiltzeko eta esku hartzeko premiak. Gizakiak berezko du zientzia bidea. Jarduera zientifikoak hasiera batean erro eta baliabide apalak dituen arren, egungo zientziagintza instituzio politiko-ekonomiko globalekin korapilatzen da. Argazkia ezin da sinplea izan, ezin da dena zuria edo dena beltza izan.

Edonork ikus dezake irudia, edo «bretxa» bat dago?

Egoera bitxi bat gertatzen da. Batetik, aipatu duzun bretxa dugu. Antza, zientzia da ikertzaile edo adituen erresuma, oso urrun dagoena. Guk ez daukagu zeresanik. Bestetik, gure testuinguruari erreparatzen badiogu, gailuak, eraikuntzak, botikak garraiobideak... ikusten ditugu: haiekin eta haietan bizi gara, askotan oharkabean. Hor, orokorrean, ez dago bretxarik. Azken buruan, urruti eta gertu. Zientziagintzak bestelako antolaketa behar du, bretxa hori txikiagoa izan dadin. Zergatik ikertzen da gai batzuen inguruan, eta ez, ordea, beste batzuen inguruan? Zergatik garatzen dira teknologia batzuk, eta ez beste batzuk? Nola banatu behar da dirua? Zientziagintzak denon hobe beharrez lan egin beharko lukeela onartzen badugu, galdera horiek denontzat dira interesgarriak.

Bi pentsamendu korronte nagusi aipatzen duzu zientziagintza ulertzeko erari dagokionez. Zeintzuk dira ideia nagusiak?

Zientziari dagokionez, indar handia duten bi irudi identifikatu daitezke, eta ez naiz eroso sentitzen ez batekin ez bestearekin. Lehenengoak ukatu edo gutxietsi egiten du zientziaren muina. Horrela pentsatzen dutenek uste dute zientzia negozio hutsa dela. Bigarren irudiaren arabera, zientziagintzari lasai utzi behar zaio. Zientziagintza balio politiko-ekonomikoetatik kanpo irudikatzen da. Lehenengo irudiaren aurka, gogoratu behar da zientziak bere berezko ezaugarriak eta metodoak dauzkala. Haatik, bigarren irudiaren aurka, berezko balio horiek balio politiko-ekonomikoekin katramilatzen dira dialektika konplexu batean.

Gure inguruan ikuspegi bi horien adibide argiak ditugu?

Esaterako, memoria historikoari buruz, edo euskal gatazkaren gaineko kontakizunari buruz maiz mintzatzen gara. Batzuek uste dute zientzia dela boteretsuenen lagun-mina; beraz, ez dute ezer jakin nahi zientziarekin, zientzia baita boterearen konplizea, etsaia, ustela. Baina aldi berean eskatzen da, esaterako, gerra zibilaren gertakizunen inguruan egia jakin behar dela, edo Pertur eta beste auzi askoren inguruan ikertu behar dela, edo torturaren errealitatea agerian utzi behar dela edo...

Eskatzen ari gara, azken buruan, ikerketa zintzo bat, ahalik eta objektiboena izan nahi duena, ebidentziei kasu egiten diena, akatsak minimizatzen dituena, informazio berriaren edo akatsen aurrean bere burua zuzentzen duena... Horiek dira aipatutako zientziaren berezko balioak. Honekin lotuta, maiz ikusten da bi ikuspegi horien artean dantzan dabilen pertsona: batetik, zientzia ustel, inperialista, kolonialista, kapitalista denez, zientziari buruz diskurtso zeharo negatiboa dauka, baina, interesatzen zaionean, sakralizatu egiten du zientziaren izenean esaten edo egiten dena.

Sistema kapitalistaren mesedera egon daiteke zientzia?

«Zientzia» izeneko jarduera bat negoziazio politiko-ekonomikoaren emaitza hutsa balitz, orduan jarduera hori beste era batera izendatu beharko genuke. Hori ez da zientzia. Beste gauza bat da esatea jarduera zientifiko batean negozioa edo dirutza txertatuta dagoela. Jakina, negozio edo dirutza hori zaindu, zelatatu eta, hala badagokio, gogor kritikatu behar da. Gaur egun kontrol lan hori jendearengandik aparte dagoela iruditzen zait. Hor ikaragarrizko lana egin behar da: erabakiguneak gurera ekarri behar dira. Badaude ildo horretako saiakera batzuk: adostasun batzordeak, Responsible Research and Innovation (RRI) programa... Sistema aurrekapitalistetan, kapitalistetan, baita ez-kapitalistetan ere, zientzia badago.

Gure garaira itzuliz, adibide sinple bat: Kuban, iraultza gertatu zenetik, medikuntza ikaragarri garatu zen eta erreferentziazko lurraldea izan da esparru zientifiko horretan. Antza, Kuba ez da kapitalista, baina zientziak badu bere tokia. Egia esan, egile batzuen aurka, uste dut zientziagintza kapitalismotik harantzago doala. Kapitalismoa iritsi baino lehen bazegoen zientzia, eta kapitalismoa noizbait desagertzen bada zientzia ere izango dugu. Galdera da, nolako zientzia?

Eragile askorekin hitz egin duzu, hausnarketa bateragarriak izan daitezke?

Bai, badaude puntu kritiko komun batzuk, baina horietatik abiatuz kritikak ikaragarri adarkatu dira. Aipa dezagun kritika feminista. Historikoki zientziagintzatik baztertuak izan dira emakumezkoak. Pixkana, emakumezkoen presentziak aldaketak ekarri ditu zientziagintzan. Orain kontua da: nola interpretatu behar dugu emakumezkoen ekarpena edo eragina metodologia edo balio zientifikoetan? Hemen hasten dira eztabaidak, eta feministen artean jarrera oso bestelakoak sortu dira. Hortaz, kritiken mapa ere ez da nolanahikoa.