Atinek uste baino errazago lortu du Zegamako apustua
Aizkorako lanean erabaki zen norgehiagoka. Lau 60 ontzako moztu behar zituzten, eta laugarrengoan Arakamak desafioa bertan behera utzi zuen.

Joxetxo Atinek irabazi zuen herenegun arratsaldean Zegaman jokatu zen apustua. Uste baino askoz ere jende gutxiago bertaratu zen, baina eguraldiak ere ez zuen asko lagundu, sekulako beroa egin baitzuen. Kirolari bakoitzak lau 60 ontzako ebaki, eta ondoren ordubete bete arte segan egin behar zuen. Alde bakoitzak 500 euro jokatu zituen dirutan. Enborrak Arakamak plazaratu zituen.
Ezin esan apustu ona izan zenik, bietako batek, Arakamak, ez baitzuen saioa amaitu. Ondorioz, Atinek bere lana lasai-lasai bukatzea nahikoa izan zuen ordubete bete arte, norgehiagoka irabazi eta jokoan zeuden 1.000 euroak etxera eramateko.
Bero ikaragarria egin zuen, eta horrek ere ez zien mesede handirik egin. Aizkorako saioarekin abiatu zen saioa, eta biak ongi hasi baziren ere ere, Arakamak ikaragarri sufritu zuen. Bigarren enborra amaitu zuenean, freskatu bat hartu eta hirugarrena ebakitzen jarraitu zuen, baina hau moztu zuenean bertan behera uztea erabaki zuen.
Bitartean Atinek bere lana egin ahal izan zuen. Lau enborrak moztu eta segako lanari ekin zion. Sail bat bota eta bigarrenean ere aurrera zihoan ordubete amaitu eta epaileak txistua jo zuenean. Pisatu beharrik ez zegoen zeinek irabazi zuen jakiteko, eta Atinek bere aurreneko apustua jokatu eta irabazi egin zuen.
Gipuzkoako kanporaketa
Gabirondo II.a, Etxeberria, Ormaetxea eta Pardo Gipuzkoako finala jokatzeko sailkatu ziren atzo Aian. Zortzi segalari lehiatu ziren bi multzotan banatuta. Lanerako ordu erdi izan zuten, eta multzo bakoitzeko aurreneko biek lortu zuten finalean aritu ahal izateko txartela. Aurtengoan arituko ez dena Esnaola da. Berez, lehiatzekotan zen, baina arazo fisikoak ditu, eta denboraldi honetan ezin izango du.
Gabirondo II.a zen aurreneko multzoan garaipena lortzeko faboritoa, eta ez zuen hutsik egin, eta txapela lortzeko ere faborito nagusien artean dagoela argi eta garbi utzi zuen atzokoan. Multzoko beste biak askoz ere atzerago geratu ziren, eta Gipuzkoako Txapelketa ahaztu eta Euskal Herrikoarekin pentsatu beharko dute. Multzo honetako garaipena, ondorioz, Gabirondo II.ak lortu zuen, 1.522 belar kilo ebakita. Bigarren postua Etxeberriarentzat izan zen, honek 1.490,5 kilo ebaki baitzituen. Bi hauek sailkatu ziren finalera. Lehiaketatik kanpo, berriz, Merkader (1.226,5 kilo) eta Otermin (1.119 kilo) geratu ziren.
Bigarren multzoan ere ez zen ezusterik izan, Ormaetxeak irabazi baitzuen. Orendaingoak lan ona egin zuen, eta bera ere txapela lortzeko gogoz dagoela erakutsi zuen. 1.469 kilo ebaki zituen. Berarekin batera, Iban Pardo sailkatu zen. Zestoarrak 1.380 kilo ebaki zituen. Finaletik kanpo geratu ziren Otegi gaztea (1.263 kilo) eta Irazustabarrena (1.104 kilo).

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
