Nerea GOTI
BILBO

500 asilo-eskaera egin ziren EAEn 2016an, biztanleriaren %0,02a suposatzen duena

Inoizko giza-exodo handienaren erdian, EAEn asilo-eskaerak hirukoiztu ziren iaz (500). CEAR-Euskadik esan duenez, krisi humanitarioarekin alderatuta, bertoko «biztanleriaren %0,02 baino ez dira».

Hurrengo asteartean Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna izango dela-eta, CEAR-Euskadik “2017ko Txotena: Errefuxiatuak Espainian eta Europan” aurkeztu zuen atzo, Bilbon. Iazko datuak jasotzen ditu txostenak, eta, EAEko egoerari dagokionez, «ofizialki jasotako datu bakarrak» 500 asilo-eskaera zehazten ditu: 285, Bizkaian; 116, Araban, eta 99, Gipuzkoan.

Aurreko datuekin konparatuta kopurua hirukoiztu egin da, «baina oso kopuru txikia da oraindik, krisi humanitario honen dimentsioekin alderatuz gero, Euskadiko biztanleriaren %0,02 baino ez» baita, nabarmendu zutenez. Hala ere, eskatzaileen igoera EAEk ematen dituen harrera plazen igoerarekin lotzen dute.

Patricia Barcena zuzendariak datu zehatzagoak eman zituen asilo eskatzaileen profilaren inguruan. Aipatu zuenez, CEAR-Euskadik 333 laguni eskaini zien asiloaren gaineko informazioa, eta 277k eskatu zuen nazioarteko babesa EAEn: 216k, Bilbon; 24k, Donostian, eta 37k, Gasteizen. Nabarmendu zuenez, 277 lagunotatik 29k adingabeak zituzten ardurapean, guztira 47 adingabe zeudela.

EAEko CEARek artatutakoen %54 gizonak ziren, eta %46, emakumeak. Multzo nagusia venezuelarrek osatzen dute (74), ondoren Nigeria (40) eta Kolonbia (36) daude, eta atzetik Ukraina, Ginea eta Honduras. Barcenak azaldu zuenez, Estatu espainiar osoan hazi da venezuelarren asilo-eskaera kopurua, eta horrek azalpen bat dauka: «Bide seguru bat daukate, venezuelarrek ez duelako bisarik behar Espainiara heltzeko». Horren ondoan, Siria zazpigarren postuan dago EAEra heldutakoen artean, (sei heldu eta zazpi adingabe), baina Sirian ez dago igarotze-bisarik ere.

CEAR-Euskadik gogorarazi zuen asilo-eskubidea giza eskubide bat dela. EAEko instituzioei asilo-eskubidearen aldeko Estatuko hitzarmen bat abian jartzeko ahaleginak eskatu zizkieten. Kulturarteko elkarbizitzaz arduratzen jarraitzeko eskaera ere egin zieten, eta, bereziki, «legezko bide seguruak eskatzen jarraitzea, nazionalitatea kontuan izan gabe».

Kazetarien galderei erantzunez, Javier Galparsoro CEAR-Euskadiko presidenteak Bilboko portura heldutako migratzaile kopuruaren igoera aipatu eta hurrengo hilabeteetan hala jarraituko duela esan zuen. Ceuta eta Melilla hegoaldeko mugak diren bezala, Bilbon ferry bat dago eta, Barcenak nabarmendu zuenez, «bide legalik izan ezean, mafiak bide guztietan daude».

Bestalde, gaur bertan hasiko den “La Bilbao Refugio” errefuxiatuen aldeko erronkan parte hartzeko deia egin dute, baita hilaren 25ean egingo den herri lasterketan ere. CEAR-Euskadiren webgunean dago informazioa. Aldi berean, Iruñea Harrera Hiriak ekitaldiak antolatu ditu astearterako, Udaletxe Plazan, 19.00etan.