2017/06/20

Garbiñe Aranburuk babesa eskaini die erraustegiaren kontrako grebalariei

LABeko idazkari nagusiak babesa eskaini zien atzo Donostian gose greba egiten ari direnei. Bere ustez Zubietako errausketa planta «ez da beharrezkoa», badaudelako hondakinak murriztu eta birziklatzeko beste modu batzuk. Proiektua «gutxi batzuen mesederako» dela nabarmendu du.

GARA|DONOSTIA
0620_eh_erraustegia

LAB sindikatuko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk pasa den asteazkenetik Zubietako erraustegiaren kontrako protesta gisa gose greba egiten ari diren sei lagunei babesa eskaini zien atzo. Donostiako Easo plazara gerturatu zen eta bere elkartasuna adierazi zien. Nabarmendu zuenez, errausketa planta eraikitzeak Gipuzkoa «hainbat urterako» hipotekatuko du, beste mota bateko politika sozialak garatzea ekidinez. «Inbertituko duten dirutza herritarren kalterako izango da; besteak beste, politika sozialen edo ingurumen politiken kalterako», nabarmendu zuen.

Aranbururen ustez, proiektu honek argi erakusten du «gutxi batzuen mesederako, elite ekonomiko baten mesederako» egiten dela politika. Azken finean, proiektuak elite ekonomikoei, eraikuntza enpresei eta finantza erakundeei soilik egingo diela mesede nabarmendu zuen Aranburuk.

Horren aurrean, beste mota bateko neurriak hartzearen aldeko apustua egiten du LABeko idazkari nagusiak. «Errauste planta ez da beharrezkoa, eta, gainera, hondakinen gaiari beste irtenbide bat eman ahal zaio, bestelako politika batzuk sustatuz; lehenik eta behin, hondakin gutxiago sortzeko, eta, ondoren, sortzen diren hondakin horiek birziklatzeko», azpimarratu zuen.

Aranburuz gain, gose grebalarietako bik, Hernani Zero Zabor taldeko Iñaki Armendarizek eta Donostia Bizirik elkarteko Teresa Lopez de Muniainek ere hartu zuten hitza atzo Easo plazan. Azken horrek adierazi zuen badaudela ikerketak errausketak osasunean duen eragin txarra frogatzen dutenak, eta, horregatik, erraustegia eraiki ez dezaten «bide legal guztiak» agortzearen alde azaldu zen. Lopez de Muniainen ustez, zabaldu nahi dituzten «mito faltsuak» gorabehera, badaude beste aukera batzuk: «Esaten da ez dagoela beste aukerarik, eta baldin badago zikinak eta neketsuak direla. Bada, hori ez da egia». Zazpi eguneko baraualdia egiteko izandako zailtasunak ere aipatu zituzten grebalariek. Politikariei mezu bat bidaltzeaz gain, helburua nagusia «herritarrengana iristea» dela nabarmendu zuten.

Egunero ekintzak

Gose greba bihar arte luzatuko da, astebeteko epea betez. Egunero egitarau oparoa eskaini dute herritarrak erraustegiaren arriskuez jabe daitezen. Euren protesta erdigunean kokatuz, herriz herri dinamika bat osatu dute babesa eskaintzeko egitarau batekin. Gipuzkoako Sortuk ere deia luzatu die sare sozialen bidez «gipuzkoar zentzudunei» erraustegiaren kontra egiteko.

Easo plazari dagokionez, gaur 17.00etan “Erraustegiaren inguruetan dauden gerra garaiko aztarnak” hitzaldia eskainiko du Carlos Almorza arkeologoak. Ondoren, 19.00etan, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko lehendakari ohi Ainhoa Intxaurrandietak hartuko du hitza. Azken ekitaldia bihar egingo dute, protestari amaiera emateko salda edate kolektibo bat eginez 19.00etan.

Bestalde, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak hainbat hedabidek egunotan izandako jarrera salatu nahi izan zuen. Izan ere, baraualdia egiten ari dela erabat isilarazi dute hedabide horiek. Horregatik, atzo arratsaldean urgentziazko mobilizazioa egin zuten EITBk Miramonen duen egoitzaren atarian.

ZENTSURA

Miramongo EITBren egoitzaren aurrean zentsura salatu zuten atzo arratsaldean, astebeteko baraualdiaren berri ematen ari ez direlako.

 

SORTU

Gipuzkoako Sortuk «gipuzkoar zentzudunei» erraustegiaren kontrako ekimenekin bat egiteko deia luzatu die Twitter bidez.