GARA
IRUÑEA

Sarek eta Iruñeko peñek sakabanaketa salatzeko ekimena abiarazi dute

Sarek eta Iruñeko peñek atzo aurkeztu zuten euskal preso politikoen eskubideen alde elkarrekin antolatutako ekimena. «Iruñeko peñetako bazkideokin harremanetan jarri gara, jendartearen parte aktibo eta garrantzitsu diren heinean, hausnarketa bat partekatzeko eta peñei dispertsioaren aurkako babesa eta konpromisoa eskatzeko, beharrezkotzat jotzen ez dugun sufrimendu honekin bukatzeko», azaldu zuen Mikel Mundiñano Sareko kideak.

Prozesu hau burututa, 11 peñak erabaki dute sakabanaketa eta espetxe-politika krudela amai dadila eskatzeko ekimenekin bat egitea: Alegria de Iruña, Aldapa, El Bullicio Pamplones, La Unica, La Jarana, San Fermin, Irrintzi, Muthiko Alaiak, Sanduzelai, Armonia Txantreana eta Rotxapea.

Era berean, Anaitasuna Peñak ere ekimen honetan parte hartu duela aipatu zuten Anaitasuna parte den igerilekuen, SCDR Anaitasunaren, estatutuek bazkideek bozkatzea eta balizko atxikimendua ematea galarazten badute ere.

Giza eskubideen alde

«Urruntzeak senide eta lagunak urtero batez beste 63.599 kilometro egitera behartzen gaitu, urtero 19.653 euroko batez besteko gastua izatera. Zigor honek hainbat umeri ere eragiten die, guraso zaharrei ere eragiten die, eta horietako batzuek urteak daramatzate euren seme edota alaba ikusi gabe», azpimarratu zuten.

Hori dela eta, peñek giza eskubideen errespetuan oinarritutako jendarte baten eraikuntzan pauso bat eman nahi dute. «Aurten praktika krudel eta mendekari hau amaitzeko konpromisoa bilatzeko asmoz aurrera eraman dugun prozesuaren berri eman nahi dugu: otsailaz geroztik peñok gure bazkideei informazioa zabaldu diegu dispertsio politikei buruz eta eta horrek dakarrenaren inguruan. Bazkideek erabaki dute, nork bere batzarrean, ekimen honekin bat egin ala ez», adierazi zuten.