Iratxe ESPARZA
HELDUEN LITERATURA

Gatazka amaiezina

Sekulako koktelera prestatu du Ernesto Pratek liburuan asko baitira topatu daitezkeen osagaiak. Hasteko, nobela beltzaren ezaugarriei jarraituz idatzita dago eta aitzinsolasean jadanik istorioaren icebergaren muturra erakusten da. Lehendabiziko orrialdeetan salaketa sozialarekin lotuta dagoen misterioa agerian, oso argi bereizita dauden bi bandoek talka egiten dute; batetik, espekulatzaileak, politikari ustelak, multinazionalen interesak eta abar, eta, bestetik, Herria, bere osotasunean eta letra larriz. Jarraitzeko, Lurrak, pertsonaia nagusiak –gaztea, punka eta errebeldea– sistemaren kontra jotzen du eta misterioa argitzeaz arduratzen da. Neskak talde berezia osatzen du Mikel lagun lotsati eta itxiarekin; mutila gizartetik bazterrean bizi da eta Lurrak proposatzen dion abenturarekin ostrazismotik ateratzeko aukera paregabea aurkezten zaio. Horien konplizeak dira Lurraren osaba bitxia, Luzio, kamisetetan lelo erreibindikatzaileak –Fuck the police, Todos los bancos son de sangre, Ninguna persona es ilegal…– harro erakusten dituena eta haren bikotekidea, Mirta, begi bakarreko kubatarra.

Pratek irekitzen dituen bideak biderkatzen dira irakurketan. Baztango inguruko kontserbazio eremu batean, Telleria Jauregian, egitasmo turistiko-urbanistikoa eraiki nahi dute, lotura zuzena duena Lurrak obra-hondakinak eta zaborra botatzeko ilegala den orubean topatzen dituen hezurrekin eta etxera eramandako kutxa misteriotsuarekin. Protagonistak eta laguntzaileek osaturiko taldearekin batera, irakurleok arrastoen atzetik goaz eta ustelkeriaren eta mafien munduan sartzen gara. Halaber, Lurrak aurrera daraman ikerketak agerian uzten ditu botere egarria, norberekeria eta pertsonen arteko gorrotoa. Salaketa garbia zabaltzen da eleberrian, eta deskribatzen den espazio fisikoak, txikizioaren mehatxupean dagoenak, bat egiten du ama lurrarekin, naturarekin eta esentziarekin. Koktelera aipatu dut, sarritan istorioari protagonismoa kentzen dioten mota guztietako aldarrikapenak daudelako liburuan, Euskal Herriko bereizgarriak, alegia: guardia zibila (galiziar azentua duena, nahiz eta Lurrarekin euskaraz hitz egin testuari sinesgarritasuna kenduz), Itoizko urtegia, gaztetxeak, euskal preso politikoen aldeko elkarretaratzeak, manifestazioak eta pankartak, tortura eta preso politikoen dispertsioa, bertso afariak, eta abar. Aldi berean, globalagoak diren giza arazoak ere aipatzen dira, hala nola, kapitalismo basatiaren ondorioak, emakumeen kontrako indarkeria edota murrizketak osasungintzan eta hezkuntzan.

Pratek liburuaren lehenengo kapituluetan tentsioa sortzen du, baina irakurketak aurrera egin ahala, misterioaren maila jaisten doa, fokua protagonistaren eta bere antagonisten istorio pertsonaletan gehiegi jartzean. Gainera, fronte gehiegi zabaltzean zenbait adarkatze arinkeriaz ixten dira; horretaz gain, jakin badakigu eleberri beltzean gailentzen den ezaugarrietako bat dela plazaratutako misterioari irtenbidea ematea amaierako ekintza azkar eta zirraragarri baten bidez, baina esku artean daukagun honetan, behin trama nagusia konponduta, eleberriak hasieratik iradokitzen duen helburu erreibindikatzailearekin jarraitzen du konfliktoa berreskuratuz. Izan ere, Lurrak, euskal identitateaz blai, ama lurra defendatzen segitzen du, eta nago, batzuetan ez direla desberdintzen engaiamendua eta diskurtso errepikakor eta estereotipatuak. Literatura konprometitua izatetik ‘panfletarioa’ izatera pasatzeko arriskua erakutsiz mugan gaudela esango nuke, zeren eta idazleak helarazi nahi dituen mezuen eta eraikuntza narratiboaren artean amildegi bat sortzen da, kasu honetan, literaturaren kalterako.