J.L.
Sega

Kanflanka eta Berekoetxea neurtuko dira Nafarroakoan

Nafarroako segalarien finala bihar jokatuko da, 11.00etan, Donezteben, Bordatxoko aparkalekuaren atzealdean dagoen belardian. Azken urte hauetan bezalaxe, bi besterik ez dira izango txapelaren lehian arituko direnak; Jon Kanflanka eta Mikel Berekoetxea.

Segalari bakoitzak 45 minutu izango ditu lanean aritzeko, eta tarte horretan belar kilo gehien ebakitzen duen segalariak lortuko du txapela burura eramatea. Azken urte hauetan Kanflankak lortu izan du garaipena, eta biharkoan txapela irabazteko faborito nagusia ere bera da.

Herrialdeetako txapelketetan, Gipuzkoarekin batera, jokatzen den bakarra da Nafarroakoa une honetan, eta Euskal Herrikoan ere bi lurralde hauetako segalariak bakarrik aritzen dira. Azken hiru urte hauetan Nafarroan birekin baino ez bada ere, jokatu ahal izan da, urteren batean edo bestean Kanflankak Gipuzkoakoa ere jokatu behar izan baitzuen herrialdean bera bakarrik zegoelako. Finala ikusi nahi duenak 10 euroren truke izango du sarrera.

Lokotxak

Sopelan, 12.00etan hasita, jokatuko da gaur Bizkaiko Lokotx Biltze Txapelketa. Bertan mutilak eta neskak lehiatuko dira, eta partaide kopuru handia izango da.

Nesketan, Goizane Aransolo, Aiora Otazua, Iraide Gezuraga, Garazi Arruti, Ioane Ozamiz, Irantzu Onaindia, Iraitz Idoeta, Erika Rojas, Ainhoa Ortega eta Nerea Egurrola lehiatuko dira. Mutiletan, berriz, Aritz Martin, Xabat Erleaga, Ignacio Gomez, Aitor Galletebeitia, Iñigo Rike eta Arkaitz Ozamiz izango dira lanean jardungo duten kirolariak. Gazte mailakoan ere arituko dira gaurkoan lanean, eta hor, Naroa Arrieta, Beñat Obieta eta Aitor Rodriguez izango dira txapelaren bila arituko diren hiru kirolariak.

Honi buruzko guztia: Sega