Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Liu

Liu Xiaobo, idazle, pentsalari eta aktibista, jadanik ez dago kartzelan, baina ezin esan erabat aske geratu denik. Gibeleko minbizia dela-eta ospitalean igaro ditu azken hilabeteak; eguneko hogeita lau orduetan bi polizia ditu atean zain, gobernuaren eskaintza. Emazteari bakarrik eman diote Liu bisitatzeko baimena; egilearen abokatua kexu da horregatik, baita polizia zaintzagatik ere, giza-eskubideen urraketa larria delako. Txina zerbaitengatik bada ospetsu nazioartean giza-eskubideak ez errespetatzeagatik da. Hots, Liu jasaten ari den tratua estatutik espero zitekeen bera da. Haren abokatuak, hala ere, Txinan bide demokratikoagoak zabaltzearen alde egindako aktibista lanagatik 2010ean Bakearen Nobel saria jasotako Liu hain modu bihozgabean umiliatzea onartezina dela-eta Mendebaldeko herrialdeei zuzendu zaie laguntza eske. Horren harira, Europar Batasuneko Giza Eskubideen Batzordea giza-eskubideak urratzen dituzten herrialdeen inguruko hitzarmena adostekoa zen duela aste batzuk, baina Grezia haren kontra agertu da prozesua blokeatuz. Prentsaren arabera, Txinarekin negoziatzen ari den merkataritza harremanak daude Greziaren erabakiaren atzean eta gogor kritikatu dute interes ekonomikoak giza-eskubideen gainetik jartzeagatik. Epe laburreko memoria kontua da agian, edo hipokrisia hutsa, moralaren zaindari rola jokatu nahi duen Europar Batasunarena. Duela ez hainbeste Grezia gogor zigortzearen alde zegoen bere ekonomiagatik; greziarren eskubideek ez omen zuten kezkatu orduan.