Denaliko nesken errekorra Katie Bonok ezarri du:21 ordu eta 6 minutu
Denbora hori behar izan du 29 urteko alpinista estatubatuarrak Alaskako mendia igo eta jaisteko. Errekorraekainaren 13 eta 14an lortu zuen, eta, besteak beste, -40ºko tenperaturei egin behar izan zien aurre.
Alaskako ohiko denboraldia ez da batere atsegina izan; izan ere, eguraldi oso makurra izan dute. Alabaina, mendilerro horretako hainbat menditan mugimendua izan da. Denalin (6.190 m), adibidez, Katie Bonok protagonismoa izan du. 29 urteko alpinista estatubatuarrak Ipar Amerikako mendi garaienean azkartasuneko errekorra ezarri berri du: 21 ordu eta 6 minutu. Era horretara, mendi hori igo eta jaitsi duen neska azkarrena Bono dugu.
Errekor hori ekainaren 13 eta 14an sinatu zuen, baina aurreratu behar dugu jarduera hori patxadaz hartu behar izan zuela. Agian, zehaztu behar dugu behartuta egon zela. Bai, eguraldi gaiztoa zela medio, oinarrizko kanpalekuan (2.194 m) hiru aste eta erdi egin zituen.
Pazientzia galdu gabe, estatubatuarrak ekainaren 13an, goizeko 6etan, lehen urratsa egin zuen. Denaliko gailurretik igaro zenean, -40 graduko tenperatura zuen. Eta biharamunean, goizeko hiruretan, oinarrizko kanpalekura heldu zen.
Beraz, nesken artean, Bono Denalin azkarrena izan da. Oro har, hirugarren denbora onena izan da; lehena Kilian Jornetek 2014. urtean lortu zuen: 11 ordu eta 48 minutu.
Orriotako protagonistak ondo daki mendian ziztu bizian jardutea zer den; izan ere, urte batzuk eman ditu mendiko eskiko lehietan.
Hotz ikaragarria
Hain zuzen ere, joan den hilean egin zuen jardueraren hasiera eskiekin egin zuen: «Une batetik aurrera kendu egin behar izan nituen, aurrean baldintza oso arriskutsuak zeudelako; besteak beste, beheko glaziarrean. Bederen, hotzaren eraginez, elur-zubiak sendo zeuden. Horretaz guztiaz gain, hotz ikaragarria jasan dut. Eta, horren ondorioz, sudurrean eta ahoan izozteak izan ditut».
Bonok berak aitortu du errekor berriaren giltza, sasoia puntuan jartzeaz gain, oinarrizko kanpalekuan igarotako asteak patxadaz hartzea izan dela: «Muturreko baldintzak izan ditugu, eta egun asko denda barruan egotera behar gintuen horrek. Ekaitz egun asko izan ditugu; batzuek zioten denboraldi oso gaiztoa egokitu zaigula. Jarduera hau egin eta gero Foraker mendian edo beste batean zer edo zer eskalatu nahi nuen. Ezinezkoa izan zen. Bestalde, aitortu behar dut Denalira oso sasoiko iritsi nintzela. Jakin banekien entrenamendu espezifikoa egin behar nuela. Horretan lau hilabetez jardun nuen».

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»
