GARA
BAIONA

Elgart jauregiaren salmentaren aurkako helegitea ezetsi egin dute

Iragan apirilaren 9an Axuria kooperatibak eta Etxarri elkarteak helegitea aurkeztu zuten Baionako auzitegian Zuberoako udalerrian dagoen Elgarteko formazio zentroaren salmenta baliogabetzeko eskatuz.

Ekainaren 12an burutu zen epaiketaren atarian herritar taldea haserre agertu zen, gazteluaren salmenta «modu irregularrean» egin zela iritzita.

Horrez gain, erosleak duen izaera atzerakoiagatik ere –San Pio X.aren kongregazioa jabetu zen eraikinaz eskola bat egiteko– kexu agertu zen. Zentroa kasik ezkutuan eta prezio zinez apalean –800.000 euro jauregia eta eremua– saldu zuten. Horregatik, AFMR formakuntza zentroa saltzeko erabakia era ilunean eta ilegalki hartu zela salatu zuen Anne-Marie Mendiboure abokatuak.

2.500 euroko kalte-ordaina

Alta, jujeak atzo jakinarazi zuenez aski frogarik ez dago salmenta ilegaltzat jotzeko eta ondorioz hori baliogabetzeko. Are, Etxarri kolektiboak eta Axuria kooperatibak 2.500 euro ordaindu beharko dizkiete AFMR eta Saint Michel Garikoitz eskolari. Erabakia behin-behinekoa izanik helegitea aurkezteko aukera badago.