Xabier ETXANIZ ERLE
HAUR LITERATURA

Irudimen dibertigarria

Kartoizko kaxa bat dugu, izenburuak berak adierazten duen moduan, ipuin honetako elementu garrantzitsuenetako bat. Ez da inportanteena, hori baino askoz garrantzi handiagoa baitu istorio honetako protagonistaren, Anartzen, irudimenak. Horixe dugu, irudimena, ipuin honetako funtsezko elementua. Irudimenaren bidez lor daitekeena.

Paddy Rekaldek istorio sinplea planteatzen digu irudi ugariz ederki hornituriko liburu honetan; etxean egongelako apal berria muntatzera datozenean kartoizko kutxa handi-handi bat dakarte langileek, eta amaitutakoan, normalean egiten den bezala, etxean traba egin ez dezan kontainerrera botatzeko eskaintza egiten dute.

«-EZ! –moztu zuen Anartzek–. Halako itsasontzi bat behar dut nik.». Eta irakurleak irudika dezakeen bezala, Anartzek kutxa handia hartuko du eta bere gelara eraman, itsasontzi batean ari dela jolasteko. Baleak harrapatzeko, hain zuzen. «Izaro eta Matxitxako artean baleak agertu dira».

Eta Anartzek, bere gelan, anabasa ederraren erdian, itsasontzia jarriko du: «Kaja barruaren inguruan kuxinak, manta pare bat, uretako maskara, tuboa, kortxo zurizko surf taula txikia, kanabera, salabardoa, balde pare bat… eta Anartz bera neoprenozkoa jantzita». Piura horrekin aurkitzen du aitak mutikoa afaltzera deitzean. Eta arrantzan huts egin dutenez, «Ternuako patataz eta kalatxorien arrautzaz egindako tortilla» afaldu beharko dute.

Anartzen irudimenak ez du mugarik, eta hasieran itsasontzia zena ondoren espazio-ontzi bilakatuko da, hurrengoan oihaneko ezkutalekua, geroago dortoka baten oskola… mutikoaren ateraldiekin, asmaturiko jolasekin eta gurasoekin dituen elkarrizketa originalekin irakurlearen irribarrea sortzeraino. «Amak papera jaso eta irakurri egin zuen: ‘Dortoka bat naiz, ikusten duzuna nire oskola da. Dortokek ez dakigu hitz egiten’. -Ño! –esan zuen amak–. Hitz egiten ez dakizu, dortoka erraldoi horrek, baina idazten, berriz, bai».

Polita da, gauza sinpleekin egin daitekeena. Eta horixe da abentura, fantasia, irudimenezko testu honen mezuetako bat, gauzarik sinpleenarekin, kartoizko kutxa batekin kasu honetan, inoizko jolasik ederrenak egin daitezkeela. Eta, alde horretatik, aitortu behar dut nire haurtzaroko jolasak ekarri dizkidala burura ipuin labur honek. Bi makila hartuta indio eta bakeroetara ibiltzen ginenean arratsalde osoan gure irudimena eta zerrategiko bi makila haiek besterik ez genuela behar.

Kapitulu laburretan, bakoitzean abentura ezberdin bat, egituratuta dago ipuina eta deskribapenak badaude ere, erraz eta arin irakurtzen da. Mutikoaren ateraldiak eta gurasoen jokabidea dugu oinarri, eta azken aldean gurasoen kezka Anartz ez delako ateratzen. Udan, eguraldi aparta… eta mutikoa ezin etxetik atera. Azkenean, baina, amari bururatu zaio mutikoaren kontra ezin badu egin, harekin bat egin beharko duela, eta horrela biak «kaxa-txalupan» ateratzen dira erreka aldera. Baina hori nola izan zen, eta han zer gertatu zen eta kutxa magikoarekin zer gertatzen den jakiteko onena izango da “Kartoizko kaja” ipuineko orrietan murgiltzea; gustura egiten baita, konturatu orduko orriak aurrera joanda, Eider Eibarren irudiez irakurketa aberastuta, berehala iritsiko baitzara, irakurle, kaxaren osteko abenturetara!