Euskal Herriko finalerdiak jokatuko dira Aristerrazun
Bihar eguerdian neurtuko dira hamar segalari, bi multzotan banatuta. Bakoitzeko bi sailkatuko dira finalera.

Euskal Herriko segalarien Txapelketako kanporaketak jokatuko dira bihar, Aiako Andatza auzoko Aristerrazuko belardietan. Aurrenekoa 11.30ean jokatuko da, eta bigarrena, berriz, 12.30ean. Segalari bakoitzak ordu erdiko lana egin beharko du, eta multzo bakoitzeko aurreneko bi sailkatuek lortuko dute finala jokatzeko txartela.
Aurtengo lehiaketa, gainera, berri oso pozgarri batekin dator; izan ere, berriro bizkaitar bat lehiatuko da kanporaketa honetan. Azken urteotan Gipuzkoako eta Nafarroako ordezkariak baino ez dira aritu izan, baina zorionez berriro ere bizkaitar bat izango da, eta hori berri ona da segalaritzarako.
Lehen kanporaketan, Julen Gabirondo, Jon Kanflanka, Iñigo Merkader, Jon Otegi eta Jexuxmari Ormaetxea arituko dira lanean. Gabirondo eta Ormaetxea dira, dudarik gabe, finalean izateko bi faborito nagusiak. Biak azkeneko aldiz Gipuzkoako finalean lehiatu ziren, eta orduan Orendaingoak lortu zuen txapela, nahiz eta bien artean tarte txikia izan zen. Hala ere, Jon Kanflanka ere kontuan hartu beharko da. Leitzarrak irabazi berri du Nafarroako txapela, eta askotan sartzen da finaletan. Adituen ustez, hiru horien artean egongo omen dira finalistak, nahiz eta Merkader eta Otegi ere ez diren baztertu behar.
Hauek euren lanak amaitutakoan, eta belar guztiak pisatu eta ondorengo lantegi guztiak bukatutakoan, bigarren txanda abiatuko da, eta bertan, Jokin Etxeberria, Suharri Irazustabarrena, Mikel Berekoetxea, Iban Pardo eta Eneko Bilbao lehiatuko dira. Hemen ere badaude bi faborito; izan ere, aditu gehienen ustez, Pardo eta Etxeberria izango omen dira finalean sartzeko aukerarik gehien dituztenak. Biak izan ziren baita ere Gipuzkoako finalean. Zestoarrak hirugarren amaitu zuen, baina txapelduna bera ere oso gertu izan zuen, eta Etxeberriak, berriz, sailkapena itxi zuen.
Finalean sartzea lortzen duten lau segalariek ez dute atseden hartzeko tarte handirik izango, azkeneko saioa, finala, alegia, abuztuaren 6an jokatuko baitute, 12.00etan, Asteasun. Han, lana ezberdina izango da, kanporaketan ordu erdikoa baldin bada, finalean ordubetekoa izango baita, eta hor gauzak asko aldatzen dira, lana kanporaketako bikoitza baita.

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza
