GARA
LAKUNTZA

Janari bilketa egingo da Lakuntzan, Zaporeak elkartearekin lankidetzan

Badator Hatortxu Rock. Etzi emango zaio hasiera jaialdiaren 20. edizioari. Lau egunez kontzertuak, mendi martxak eta hitzaldiz betetako egitaraua izango da martxan. «Hatortxu Rock elkartasun jaialdi bat da, desagertzeko sortu zena. Hasieratik euskal preso, iheslari, errefuxiatu eta horien guztien senideei elkartasuna adierazi diegu etengabean», gogoratu dute antolatzaileek.

Hogeigarren edizio hau berezia izango da, ez bakarrik egun bateko kontzertuen egitaraua lau eguneko eta eskaintza anitzeko egitaraua bihurtu delako, baizik eta elkartasunak mugarik ez duela erakutsiko delako berriz ere. «Edizio honetan kanpalekua egongo dela baliatuz janari bilketa martxan jarriko dugu Zaporeak proiektuarekin elkarlanean», iragarri dute.

Zaporeak Intxaurrondoko (Donostia) Talde Gastronomikoko hainbat kidek martxan jarritako proiektua da. Hainbat egitasmo abiatu dituzte; horien artean Chios (Grezia) irlan dauden errefuxiatuei jaten emateko ekimena. Izan ere, proiektu honek gastronomia eta elkartasuna uztartuz beharra duten pertsonak laguntzea du helburu.

Igandean, kanpalekuaren sarreran Zaporeak-eko kideek postu bat jarriko dute kanpin dendak biltzen ari direnen artean soberan duten janaria biltzeko.

«Ekimen honen bitartez Hatortxu Rockeko kideok gure elkartasuna adierazi eta ahal dugun moduan gure ekarpena egin nahi dugu Greziako kanpalekuetan pilatuta dauden errefuxiatuei janaria helarazteko. Beraz, Hatortxu Rockeko antolakuntza taldeko kideok jaialdira etortzen direnei janari soberakinak ez botatzeko eta horiek Zaporeakeko kideei emateko deialdia zabaldu nahi diegu», adierazi dute.