GARA
DONOSTIA

Untzi Museoak garai berriari ekin dio Raul Perez Iratxetaren gidaritzapean

Untzi Museoa izateari utzi eta Euskal Itsas Museoa izango da aurrerantzean. Ontzien eraikuntzatik harago, euskal itsas tradizioarekin lotutako oro izango du fokupean museo berriak.

Halaxe adierazi zuen atzo Denis Itxaso Kultura diputatuak museoaren zuzendari berria den Raul Perez Iratxetaren aurkezpen ekitaldian.

Untzi Museoaren berritze osoa iragarri zuen, «erronka, aukera eta helburu berriak ipiniz, bere edukien, produktuen eta kultur zerbitzuen inguruan estrategia berria ezarriz eta ezagutza helarazteko modu berriak erantsiz».

Bide berriak

Helburu hauek lortzeko bidean bertako eta kanpoko publiko berria erakarri, eta museoen sarearekin eta Gordailuarekin elkarlana indartu nahi dute, bereziki Albaolaren eta Orioko Mutiozabal ontziolaren proiektuarekin lotuz. «Proiektua berritzeko, bertako edukiak aberastu behar dira eta eduki horiek proiekzio handiagoa emango dieten moduan kokatu behar dira. Museoa indartzeko, itsas kulturarekin lotutako proiektuetan paper protagonista eman behar zaio», gaineratu zuen.

Beraren esanetan, «museo eredu berri bat finkatu nahi da, bere bokazioa, kudeaketa eta trakzio ahalmena eguneratuz. Horretarako, edukiak berritu eta kultura hedatzeko mekanismoak indartuko dira, Donostiako kaiaren bihotzean kokatutako espazio hau turismoa erakartzeko elementu bihurtzeko».

Beharrezkoa

25 urteren ostean beharrezko ikusten du berrikuntza. Eraikina bera berritu egingo da bizpahiru hilabetez luzatuko diren lanekin. Seguruenik urte bukaeran hasiko dira, datorren udaberrian ateak irekitzeko.

Itxasok zuzendari berriarekin eta zuzendaritza taldeko kide berriekin batera egin zuen atzo agerraldia. Hauen artean daude Xabier Agote (kultur zuzendaritza), Xabier Alberdi (zuzendaritza zientifikoa) eta Aitor Buitron Perez San Roman (programa pedagogikoaren arduraduna).

Perez Iratxetak museoak hartuko duen norabide berria nabarmendu zuen, «marka erakargarri bezala bere tokia egiten lagunduko dion prozesu estrategikoari esker».