2017/07/30

Kronika
 
ELKARTASUNA ETA ILUSIOA

ILUSIOA ETA ELKARTASUNA DUTE IZENA BERIAIN GUNEKO BI AGERTOKI NAGUSIEK. HATORTXU ROCK JAIALDIAREN IZAERA ETA BIZIERA ADIERAZTEKO BI IZEN EZIN EGOKIAGOAK. FINEAN, HORI DA EGUN HAUETAN GUZTIETAN LAKUNTZAN ARGIKI SENTITZEN DENA.

Koldo OTAMENDI
0730_kul_kaotiko

Hirugarren musika eguna Lakuntzan. Nekea nabaria da aurpegietan, ostiral gaua ordu txikietara arte luzatu zen, eta goizean, ez zegoen kanpin dendan lo egiteko modurik. Gaueko giroak tenperatura muturreraino igo zuen, Lagrimas de Sangre, Tremenda Jauria eta Talco taldeen emanaldiak beroak eta eroak izan baitziren… Eta, noski, eguna eguzkitsu esnatu zen Lakuntzan.

Larunbat arratsaldea The Icer Company talde nafarraren saioarekin hasi zen. Leku ederra da herri gunea kontzertuez gozatzeko. Karpa azpian gustura entzun daiteke musika. Pop rock doinu dotoreak jo zituzten bildu zirenen gozamenerako.

Juantxo Skalarik zabaldu zuen gune nagusia arratseko 18.00ak jo zutenean. Ibilbide luzeko abeslaria da Juantxo, eta sekulako “rude” banda du alboan. Goizaldera arte luzatuko ziren lehen dantzak hasi ziren, ska erritmoarekin.

Giro festazalearekin abiatu zen gunea, eta horrela jarraitu zuen Kaotiko eta Vendetta taldeen emanaldiekin. Nerabe eta gazteek betetzen zituzten lehen ilarak. Beraien talde gustukoenak dira, eta milakak entzun zuten. Hatortxu hau oso berezia bilakatuko da bertan dauden gazte askorentzat.

Ekon taldeak zirikatzeari ekin zion gaueko 21.00etan. Bueltan da Arrasateko banda. Hatortxuren 10. edizioan izan ziren, eta 20. honetan ez dute kale egin. Taldearen kantu esanguratsuekin osatu dute gaueko zerrenda. “Mila koloredun gerra” eta “Gizakia baino gizakiago” entzun dira, besteak beste; karpa azpian ere festa da nagusi. Kataluniako Auxili eta Zoo taldeek mestizajea sakontzen dute. The Guilty Brigade eta Non Servium taldeek, berriz, gitarretan eta hitz aldarrikatzaileetan oinarritzen dituzte euren kanta oldarkorrak.

El Corazon del Sapo taldearekin gozatu eta kronika idaztera goaz abiadan. Gauak luze joko du gaur ere. Gorputzean nekea sumatzen da hiru egunen ostean; ez da arazoa, ordea, ilusioa eta elkartasuna sobera baitira.