Zorte txarra besterik ez?
Larunbat eguerdian lagun baten telefono deia jaso nuen: «Pagate ikusten egon nok Galdakaon, azkenetan jaok». Halaxe zen; atzo agertu zen GARAn Jesus Mari Lasuenen eskela, Harrera elkartearen enkarguz, Kepa del Hoyorenaren alboan. Galdakaoko ospitalean hil zen Pagate abadiñarra, gaixotasun larri baten ondorioz. Kepa galdakoztarra, berriz, Badajozen hil zen, kartzelaldi luze baten buruan.
Del Hoyok ez zuen bere herriko ospitalean hiltzeko aukerarik izan, Lasuenek 80ko hamarraldian Carabanchelgo, Puertoko eta Herrerako kartzeletan ez zuen bezalaxe. Kartzelatik bizirik irten eta herenegun bere herrialdeko ospitale batean etxekoen artean hilda zorte ona izan duela esan liteke? Eta, horrrenbestez, Del Hoyok zorte txarra besterik ez?
«Etxean eta bizirik nahi ditugu» esatea esajerazioa iruditzen zaie batzuei, kartzela gogorra dela baina jendea leku guztietan hiltzen dela argudiatuta. Egia gordin hauxe da, ordea, esajerazioa eman lezakeen hori: 18 euskal preso hil dira giltzapean eta etxetik ehunka kilometrora azken 32 urteetan; beste 10, berriz, hiltzear zeudela kaleratu ondoren, eta kartzelara bidean bizia galdutako senide eta adiskideak batuta, 46 hildako dira Estatu espainoleko eta frantseseko salbuespenezko espetxe-politiken emaitza beltza.
Kopuru ikaragarri horrek zenbait biktima asetzea ulergarria izan liteke, baina zeharo makurra da edozein gobernuk horrekin bat egitea. «Begia begi truk» edo talioaren legea ez da inondik inora justizia, Urkulluk hain gustuko duen «legediaren barruan» ere ez, are gutxiago norabide bakar batean aplikatuta.
Kepa, Pagate, eta euren hurkoak, gogo-bihotzetan.

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
