Ion SALGADO
GASTEIZ

Jai herrikoi eta parte hartzaileak EHUren campuseko txosnetan

Atzo zabaldu zituzten Gasteizko txosnak, eta ekitaldi nagusian Txosnisaria eman zioten AEKri. «Hainbeste urtetan euskara ikasteko aukera eman digute gutako askori eta lan garrantzitsua egin dute Gasteizko txosna giroa euskalduntze aldera», azaldu zuen batzordeak.

Gasteizko txosnak 20.30ean ireki zituzten batzordeko kideek. Inaugurazio ekitaldia, ordea, 21.30ean izan zen karpa nagusian. Bertan eman zioten aurtengo Txosnisaria AEKri, Korrikak hogei urte bete dituen honetan. Egitarauaren aurkezpenean azaldu zutenez, AEK-ko kideek «hainbeste urtetan euskara ikasteko aukera eman digute gutako askori eta lan garrantzitsua egin dute Gasteizko txosna giroa euskalduntze aldera. Sari bat merezi dute bertako irakasle, boluntario eta ikasle guztiek».

Ondoren, bildutakoak txosnagunean sakabanatu ziren, ogitarteko edo garagardo baten bila. Batzuek txosna berrietara jo zuten, Errekaleor Bizirik! elkarteak eta Berriztu Mugimenduak jarri dituzten txosnetara. Hala, gaur egun batzordea hamar kolektibok osatzen dute: Askapena, Gazte Karpa, Berriztu Araba, Mugimendu Feminista, Iraultza 1921, Kalera Kalera, Hala Bedi, Arabako Bertsozaleen Elkartea, Errekaleor Bizirik eta Sukalde Gerrilla. Eta txosnagunean, orotara, zortzi txosna, bi karpa eta karpa amankomun bat daude.

Azken urteetan bezala, Gazte Karpak programazio berezia eskainiko du egunotan, baina ez da bakarra izango. Izan ere, Kalera Kaleraren karpan egitarau propioa osatu dute. Bertsozale Elkarteak eta Errekaleorrek ere hainbat jarduera antolatu dituzte. Hortaz, arratsaldetik aurrera ia orduero jardueraren batez gozatzeko aukera dute Campusera hurbiltzen direnek. Atzo, esaterako, Rukula, Aurora an The Betrayers eta The Soulbreaker Company taldeko kideak igo ziren agertokira, eta gaur Guda Dantza eta Tximeletaren txanda izango da.

Emakumeak protagonistak

Jon Sanchez txosna batzordeko kideak atzo azaldu zuenez, egun bakoitzak izaera berezia hartuko du, herri mugimenduaren aniztasunaren isla. Gaur Preso eta Iheslarien Eguna izango da; bihar, Entxosnazio eguna; abuztuaren 7an Gazte Eguna izango da; 8an, Herri Botere Eguna; eta hilaren 9an, azkenik, Egun Feminista.

Sanchezek nabarmendu zuen bezala, astelehena egun berezia izango da, egun horretan oholtza gainean emakumeak izango direlako protagonista. Alegia, egun horretako kontzertu guztiak emakume musikarien esku utzi ditu batzordeak. «Hori nahiko deigarria da», esan zuen Gasteizko txosnek mugimendu feministaren protokoloarekin bat egin dutela ohartarazi ondoren. Erasorik pairatu edo ikusiz gero, mugimendu feministaren telefonora jotzeko deia egin du batzordeak: 688 71 87 01. Egun osoa egongo da aktibatuta telefonoa.

Azkenik, argindar hornitzailea aldatu dutela ere azaldu zuen Sanchezek. Urte asko Iberdrolarekin lan egin ostean, aurten hornitzailea Goiener izango da. Batetik, kooperatibismoan oinarritua dagoen enpresa delako, eta bestetik, Iberdrolak Errekaleorrekin edo GESek gazteentzat errekuperatutako eraikinetan azken asteotan hartu duen jarreragatik. Izan ere, Gasteizko txosnetan «biltzen gara bestelako gizarte eredu bat nahi dugun herri mugimenduak». «Gure topalekua da», azpimarratu zuen.