Patxi GAZTELUMENDI

POTT BANDA GOGOETAGAI SORZAIN ARGITALETXEAREN LEHEN LIBURUAN

2018ko udaberrian 40 urte beteko dira Pott Bandak bere lehen aldizkaria plazaratu zuenetik. Bernardo Atxaga, Jon Juaristi, Joseba Sarrionandia, Jimu Iturralde, Manu Ertzilla eta Ruper Ordorikak sei aldizkari eta Atxagaren «Etiopia» liburua plazaratu zituzten.

Bilbon hainbat idazle batu ziren 1977. urtean. Ikasle izandakoak eta oraindik Deustuko unibertsitatean ari zirenak. Ekonomikak ikasi eta banketxe batean lanean aritu ostean literaturaren inguruan murgildu gura izan zuen Bernardo Atxagak. Aurretik Koldo Izagirrerekin “Ustela” aldizkarian parte hartu zen Donostialdean. Etapa berria, ordea, Bizkaiko hiriburuan burutzeko asmoa zuen. Lagun zaharrak eta berriak batu zitzaizkion proiektura. Horrela gogoratu dituzte egungo idazle eta kazetariekin izandako elkarrizketetan. Horiek eta kulturgile askoren gogoetak batu ditu Sorzain argitaletxe sortu berriak liburu batean. Bertan biltzen diren ideiak eta akorduak ekarri ditugu orriotara, Pott Bandak eman zituen sei aldizkari ezberdinak gogoratzeko xedearekin. Orduko eztabaida literarioek egungo sorkuntzan duten eragina bilatu nahian edo.

«‘Pott’ baino lehenago ‘Ustela’ eta ‘Panpina Ustela’ argitaratu nituen Koldo Izagirrerekin batera», gogorarazten dio Bernardo Atxagak Unai Elorriaga idazleari elkarrizketan: «Dena egin behar izaten zen orduan ere, lan guztiak hartu gain, baita banaketa ere». Aldizkariaren ale batzuk hartu eta Deustuko unibertsitateko Euskal Kultur Mintegikoekin jarri zen harremanetan. «Ruper zegoen han, eta bera arduratu zen haiek saltzeaz, horren bidez ezagutu genuen elkar eta ordurako irakurrita neuzkan Sarrionandiak ‘Zeruko Argia’-n argitaratutako artikulu batzuk eta Ruperri komentatu nion, oso ondo zeudela». Ruper Ordorikak bazekien zein zen Sarrionandia. «–Ba, esaiozu Potten bilerara etortzeko», bota zion Atxagak. Eta Sarri ere Pottera gehitu zen.

«Nik Ruper Deustuko EKT-tik ezagutzen nuen –gogoratzen du Joseba Sarrionandiak–eta behin esan zidan Bernardok proiektu literario batean parte hartzera gonbidatu nahi ninduela. Nik Andaluziako jornaleroen grebei buruzko artikulu bat argitaratu berri nuen, hura aipatu zidan Bernardok gustatu zitzaiola».

Liburu honetarako Jose Fernandez de la Sotak Joseba Sarrionandia elkarrizketatu zuen, eta bertan Iurretako idazleak aipatzen du Pott Bandaren asmoa «euskal literatura abangoardiazkoa egiteko asmoa» zela. «Azkenean, gure literatura beti atzeratua XX. mendera eramateko ahalegina», Sarrionandiaren aburuz. «Niretzat, ostegun iluntzean Bilbo erdian jende harekin elkartzea gauza ederra zen, utopia txiki bat».

Ruper Ordorikak 70eko hamarkada bukaerako giroa ekarri du gogora: «Mundu nahasi hartan, izen propioak gutxiago ziren orain baino, eta haietako bat zen Gabriel Aresti». Bilboko idazleak esandakoak oso aintzat hartzen zituen kantugintzan lehen urratsak ematen hasi zen ikasle oñatiarrak, eta Arestik esanda jakin zuen bazegoela «gizon gazte bat, Jose Irazu, idazteko modu berezia zuena».

Aresti hil zenean, omenaldia egin zioten Deustuko unibertsitatean. Eta aurkezle lanetan suertatu zen Ordorika. Joseba Irazuk ere parte hartu zuen orduko hartan. Eta hura izan zen beraien lehen enkontrua. Beranduago Donostian topatu zuten elkar, eta Irazuk “Panpina Ustela” aldizkariko ale batzuk Bilbon salduko ote zituen galdetu zion Ruperri. Saldu eta irakurri ere bai. Eta aldizkarietan Bernardo Atxaga izeneko batek sinatzen zituen poemak.

Geroago Deustuko Antonia tabernan egin zuten berriz ere topo. “Panpina Ustela”-ren aleak trukatu, zorrak kitatu eta ordura arte Ruperrentzat Joseba Irazu zenak esan zion: «Ni naiz Bernardo Atxaga». «–Ez nuen horrelakorik sekula santan irakurri euskaraz», gogoratzen dio Ruper Ordorikak gaur Idoia Jauregi kultur kazetari eta irrati esatariari.

Iñakiren Cantabricon

Bilboko alde zaharreko Cantabrico tabernan elkartzeko ohitura hartu zuten. Iñakiren taberna. Jon Juaristi eta Joseba Sarrionandia Ruperren eskutik joan ziren; Joxemari Iturralde Atxagak eraman zuen; Manu Ertzilla Sarrionandiaren bitartez. Ostegunean batu, afaldu eta gaua Arriaga antzokiko kafetegian bukatzen zutela gogoratzen dute elkarrizketatutako guztiek.

Eta zertaz hitz egiten zuten? «Sormenaz», erantzuten du Ruperrek. «Une horretan sormen gose itzela zegoen gurean», oñatiarraren aburuz. Sarrionandia zen gazteena orduan, «Pott fundatu zenean ni hemeretzi urteko gaztetxo bat nintzen, dena ikasteko nuena, eta uste dut haiengandik asko ikasi nuela». Jon Juaristik ere horrela gogoratzen du taldea. «Adiskide talde bat osatzen genuen, oso gazteak ginen, gazte eta literaturzaleak». Eta gaineratzen du: «Inportanteena, ene iritziz, zera izan zen: gure arteko elkarrizketak eta eztabaidak antolatzeko posibilitatea eman zigun».

Bernardo Atxagak atzera begira jarri eta pentsatzen du «oso jende ezberdina ginen, bide ezberdinak hartu ditugu, pentsa non dagoen Sarrionandia eta non dagoen Juaristi, ematen du antipodetan daudela. Baina denok benetako gogoa geneukan, benetako amateurrak ginen; autentikoak ginen». Baina denborak erakutsi du benetan ari zirela, «ez itxura egiten» Atxagak zuzen. «Eta kemen handia genuen, hori ere bai», gehitzen du.

«Beat down», pott eginda

Izena, Pott, Bernardo Atxagak asmatu zuela uste du Sarrionandiak. «Agian Beat izenarekin konpara daiteke, orduan modan zegoen joera literario bat zelako, William Burroughs, Allen Ginsberg, Jack Kerouac eta horiek; balio tradizionalak zalantzan utzita, askatasun bila zebiltzan». Beat belaunaldia orduan puri-purian zegoen, eta Sarrionandiak gogora dakarrenez, «Beat bihozkada da ingelesez, baina beltzen esaera bat dago, ‘beat down’, eta horrek jota, pott eginda esan nahi du». «Pott» musua ere bada eta horrela ageri da euskarazko lehen liburuan Bernat Etxepareren “Pottaren galdatzia” poeman. Laburra eta zorrotza zelako hautatu zutela dauka gogoan Joxemari Iturraldek. «Literaturaren inguruan biltzen gara eta gaizki gaude, pott eginda gaude, baina prest edozertarako…», esan dio erdi irribarrez Harkaitz Cano galdegileari Iturraldek. Eta logoa Remigio Mendiburuk egin zien, eta artista ugari aritu zen bandaren inguruan: Juan Carlos Egillor, Jose Lusi Longaron, Mariano Arsuaga, Susperregi argazkilaria, Zumalabe lehen aldizkaria maketatzen eta ilustrazioak egiten. Bilbon batu eta 1978ko martxoan plazaratu zuten lehen aldizkaria: “Pott Bandaren Berriemailea”, geroago etorri ziren “Pott Bandaren Blaga” (1978ko ekaina), “Pott Bandaren Blaga-2” (1978ko azaroa), “Pott Bandaren Braga” (1979ko martxoa), “Pott Bandaren Praka” (1979ko uztaila); eta azkena “Pott Tropikala” (1980ko ekaina). Gaur egun aldizkari guztiak irakurtzeko moduan daude armiarma.eus atariko Literatur Aldizkarien Gordailuan.

Pott Bandak hasiera-hasieratik zuen argitaletxe izaera hartzeko bokazioa. Lehen zenbakiko kontrazalean ohar hau jarri zuten: «Pott editorialak argitaratuko duen lehen liburua ‘Lau Cuartetto’ poema liburua izango da, Thomas S. Eliotek idatzia eta Gabriel Arestik euskaratua». Hala ere, bigarren aldizkariarekin eman behar izan zituzten azalpenak: «Begira, liburu bat kalera botatzea ez da gauza erraza, mekaben pott. Guk arrazoi asko direla medio, TS Eliot poetaren itzulpen batekin hasi nahi genuen. Baina zenbaki editorialea ez zaigu iristen behar bezala, eta liburu hori ezin genezake argitara bera gabe». Eta argitaratu asmo zuten liburuaren berri ematen ausartu ziren: «Horregatik, eta udak estrainatu gabe harrapa ez gaitzan, beste liburu batekin ekingo diogu lan editorialari, liburu hau Bernardoren ETIOPIA’ izango da. Poema eta lan literario laburrez osatutako liburua da. Ehun eta hogei bat orrialde ditu, 208x148 mmko neurritan, eta 200 pztan salduko da. Pottale hau atera eta berehala egongo da liburudendetan, ekainaren bigarren astean edo. Azala, JM Susperregirena izango du».

Eta horrela plazaratu zen Atxagaren lehen poema liburua, “Etiopia”. Urte batzuk beranduago Erein argitaletxeak berrargitaratu eta gaur egun ere eskuragai dago. Liburu horretako testuetako batzuekin “Hautsi da Anphora” diskoa plazaratu zuen Ruper Ordorikak. Eta Sarrionandia espetxeratu eta ipuinekin sariak jaso eta “Izuen gordelekuetan barrena” poesia liburua argitaratu zuen. Eta idazle, musikari, hizkuntzalari, poeta eta artistek sortutako bandak zer irakurria ematen digu oraindik. Pott Bandaren historia, Pott Bandaren ahotsak, itzalak eta hiztegia batzen ditu Sorzain argitaletxearen lanak. Eta bertan sortzaileei egindako elkarrizketez gain, idazle, kazetari eta artista ugarik apailatutako testu txatalak ere bildu dira. Hogei bat sinadura guztira. Aktualitatetik ordukoak aztertzen. 40 urte beranduagoko irakurketak.