Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Ezbaia, ez-baitik harago!

Udan udakoa. Jaiak nonahi. Eta euliak aurpegi bueltan; dzart! egin diot neure buruari, eulia usatzeko, bai zera! tropela etorri! Eta musika, jazzaldietatik kanpo ere.

Hortaz, gauez kontzertuak, iluntzean erromeriak… eta goizetan dutxako kantak! Eta meza nagusikoak, jakina, hala dzipol! Eta noiz edo noiz ere, santuaren arabera, angelus ondoren batzuk musikan! Hara San Inaziokoa! Jelkideak abeslari, noiz eta eguerdian, eurena zentralitatea baita! Mon Dieu!

Han ibili ziren jeltzaleak, eliza aurrera bilduak, udako kanta mitinlariaren ahoan, entzuleen eskeletoa mugitzeko tentaldi batean, ez betean. «Astiro-astiro, urratsez urrats… oinak lurrean ditugula». Omen. Amen.

Ez dakit horien bide-mapako arauak zeintzuk diren, baina statu quoko arauetan, behintzat, isuna ez zaie bakarrik jartzen arinegi doazenei, astiroegi doazenei ere, oztopatu egiten dutelako ibilbidea, eta ibilbidekoa. Are eta isun gehiago, abiadura handizaleak izanda! Eta oinak lurrean izate horretaz… lur batzuek ez dute inoiz lurralderik ikusi! Oinak baino ez!

Total, hori irakurtzen nengoela nire buru-prentsan, hara! Kolpea gero! Albistearen behean, izkinan, iragarkia: «Eusko Jela, Euskal Herriko izotza!», ez, ez noa telefonoa ematen.

Dudan utzi ninduen, politika ofizialak mezu subliminalez betea baitago. Jela! Jeltzaleak! Eta izotzarena? Hainbeste desizozte gora eta behera… Edozer egiteko gai dira mundua berotu ez dakien, «astiro-astiro», errotondan.

Tira, Tourra joana da, eta turismoa etorri. Eta ezbaia ekarri. Halabeharrez. Halako kontuetan ez-bai hutsak ez baitu balio. Muga da kontua, zeinek, zergatik… jarritako muga. Uholdeei aurre zelan egin lehortean pentsatu behar da, eta udakoari neguan. Bide-mapa batek derrigor behar dituen mugak, neurriko abiaduran.