J.L.
KANPORAKETAK

Nafarroako aizkolarien bi txapelketa jokatuko dira aste honetan

Nafarroako aizkolariek lan asko egin beharko dute datozen egunotan. Aste berezia da hau, eta herrialdeko bi txapelketa jokatuko dituzte.

Etxarri Aranatzen Bigarren Mailako kanporaketa jokatuko dute ostegunean, 18.00etan. Patxi Mindegia, Eneko Saralegi, Goizeder Beltza, Iban Resano, Jon Telletxea, Mikel Indakoetxea, Mielanjel Etxeberria, Oier Kañamares eta Asier Pellejero lehiatuko dira. Nazabal (aizkora utzita), eta Juanjo Erdozia eta Oihan Larretxea ez dira lehiatuko, eta ondorioz, inork ez du mailarik galduko. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko eta 60 ontzako bat erdibitu beharko du. Aurreneko bost sailkatuek irailaren 30ean Igantzin jokatuko den finalerako txartela eskuratuko dute. 

Hirugarren Mailako finala, berriz, ostiralean jokatuko da Ezkurran, 18.00etan hasita. Bertan Iruñeko jaietan jokatu zen kanporaketako bost onenak lehiatuko dira, eta honako hauek izango dira: Xuban Kañamares, Jexux Etxeberria, Moises Gogortza, Iker Gorriti eta Emilio Garcia. Azken hau segoviarra da, Nafarroako Federazioan lizentzia duena. Ohikoa bihurtu da segoviarrak eta asturiarrak Euskal Herrian ikustea. Beste bi segoviar ere badaude Araban lizentzia dutenak, eta hiru asturiar, berriz, Bizkaian dutenak. 

Jokoak

Euskal Herriko ingude-altxatzeko eta lasto-altxatzeko finalen datekin nahasmendua egon da, eta biak datozen egunetan jokatuko dira. Asteartean Amurrion ingude-altxatzekoa jokatuko da bai nesketan eta bai mutiletan, 12.30ean; eta asteazkenean, 18.00etan, lasto-altxatzekoa jokatuko da Laudion, kasu honetan mutilena bakarrik.