Jaime VALVERDE
ANTZERKIA

Udako endredoak

G inny eta Greg bikote gazte bat dira, maiteminduta daude eta ezkontzeko asmoa dute. Baina hori egin aurretik Ginnyk lehenagoko amorante batekikoak egin behar ditu. Maitale hori, Philip, Ginny baino hogei bat urte zaharragoa da eta Sheila emaztearekin bizi da landetxe batean. Neska gazteak Philipen etxera joan nahi du harremana behin betikoz moztera, asteburuan Sheila kanpoan delakoan. Eta afera sekretupean mantentzeko, mutil-lagunari gurasoen etxera joango dela esan dio. Baina gauzak ez dira nahi bezala aterako: Philipen etxera heltzean Sheila bertan dagoela ikusiko du Ginnyk eta, txarragoa dena, baita mutila ere, ezkontzeko baimena ustezko aitari eskatzera bertaratu delako.

Kartak hain era korapilatsuan banatzeaz aparte, idazleak eszena bakoitza pertsonaien arteko gaizki ulertu barregarriez hornitzea lortzen du. Izan ere, egoera nahasi horretan, elkarrizketetan “bera” aipaturik hizlariak eta entzuleak pertsona desberdinetan pentsatzen badute, momentu zelebreak sortzen dira sortu.

Aitortu beharra dut endredozko komedia ez dela nire genero kutuna, ez behintzat bestelako osagairik eskaintzen ez badu, baina onartu behar da halaber antzinatetik funtzionatu duela publikoaren aurrean. Kasu honetan testuak behar bezala eusten dio endredoaren tentsioari, nahiz eta, pertsonaiak mamitsuagoak izanik, komikotasun handiagoa izan lezakeen. Txalo konpainiaren moldaketa, ohi bezala, txukuna da. Lau aktoreek oso ondo betetzen dute eginkizun komikoa, agian Ane Gabarain apur bat nabarmentzen delarik.

Oro har, uda sasoia arriskutsua da antzerkia ikusteko, antzokien eskaintza, festa giroak eta beroaldiak arintasuna eskatzen dutelakoan, eskasa izaten delako. Muntaia hau ordea, arina izan arren duina ere bada, eta korapiloen komediak gustuko dituenentzat, aski asegarria, nire ustez.