Lau saiorekin, denboraldi egonkorraren bidea hartuta dator Opus Lirica
Sustraiak botatze bidean da Opus Lirica. Orain hiru urte, Donostiara opera denboraldi iraunkorra ekartzea eta etxeko interpreteei euren dohainak erakusteko aukera emateko erronka hartu zuen bere gain eta, 2017/18ko bigarren denboraldiarekin, bi helburuak erdieste bidean da. Denboraldia Pucciniren «La Boheme» eta Glucken «Orfeo ed Euridice» operek, Orfeoiarekin batera osatu duten opera ikuskizun berezi batek eta kontzertu batek osatuko dute.

Donostian opera zaletasuna egon badagoela eta jarraitzaile horiek etxeko interpreteen dohainak goratuko dituen kalitatezko denboraldi iraunkor bat izatea merezi dutela sinetsita sortu zen Opus Lirika elkartea eta, orain hiru urte, erronka hori bere gain hartzeko erabakia hartu zuen. Bide horretan sortu zuen, iaz, Donostiako lehen opera denboraldia izango zena: sarrerak agortuta eta antzokiak beteta, zaleak opera gosez zeudela nabarmendu zen. «Ordutik jendeak kalean geratu eta ea bigarrena noizko dugun galdetu didate; badago zaletasuna, eta horri erantzun bat eman behar zaio», azaldu zuen bigarren denboraldian aurkezpenean Opus Lirikako presidente Chomin Martinek.
2017/18 denboraldia lau ikuskizunek osatuko dute: bi opera, kontzertu bat eta opera ikuskizun berezi bat. «Denboraldi berezia izango da, operaz gainera, opera eta lirismoa uztartzen dituen ikuskizuna egitea ere pentsatu dugulako», aurreratu zuen Ainhoa Garmendia soprano eta Opus Liricako zuzendariak. Izan ere, denboraldia elkarteak orain artean oholtzaratu dituen zazpi operen pasarte onenen zatiez osatutako ikuskizunak irekiko du, urriaren 27an: «Ez da kontzertu bat izango, eszena aldetik mugimenduak ere izango dira eta proiekzioak eta argiak ere bai. Orkestra fosoan egongo da, eta koroa eta bakarlariak ere izango dira, horietako gehienak lokalak, etxeko jendea». Hala, orkestra Arkaitz Mendoza donostiarrak zuzenduko du eta parte hartuko dute, besteak beste, Ainhoa Zubillaga, Jagoba Fadrique, Haizea Muñoz, Christopher Robertson, Alicia Amo eta Marife Nogales interpreteek. Garmendia bera ere izango da oholtza gainean.
Bigarren ekitaldia martxoaren 2 eta 4rako programatu dute, Kursaaleko auditoriumean. Pucciniren “La Bohème”, «operaren munduan dagoen titulu garrantzitsuenetakoa», interpretatuko dute.
Kontzertu bereziena apirilaren 19koa izango da: lehen aldiz, Donostiako Orfeoiarekin batera igoko da oholtzara Opus Lirica, hainbat bakarlari izango dituen kontzertu berezi bat eskaintzeko. «Ni Orfeoiko umea izan naiz eta izugarrizko ilusioa egiten dit», aitortu zuen Garmendiak, eta ziurtatu zuen beraientzat «luxua» dela Orfeoiaren partaidetza izatea. Denboraldia ekainaren 1 eta 3an itxiko da, Glucken “Orfeo ed Euridice” operarekin. Honetarako, Arkekonpainia arabarraren partaidetza izan dute, «gu bezala operaren alde lanean ari direlako eta indarrak batu behar ditugula uste dugulako», azaldu zuen Garmendiak. Bide horretatik, Martinek antzokiak bete arren denboraldi egonkorra mantentzeko baliabide ekonomikoak bilatzea kosta egiten dela ziurtatu eta instituzioei parte hartzea sendotzeko deia egin zien.

Los kurdos lo pierden todo contra Damasco

«Xeberri eta biok hiru kantaldi egun berean egitera iritsi ginen»

Israel exhibe su impunidad en los escombros de la Unrwa en Jerusalén

Piden cuentas por la contratación pública de dos directivos de Solaria
