Jon LEUNDA
Harri-zulatzea

Burdin Gazteak buruan dela jokatuko da azkeneko saioa

Trapagarango txosnagunean jokatuko da gaur 19.30ean harri-zulatzaileen Ligako azkeneko jardunaldia. Ortuellako Burdin Gazteak taldea abantaila politarekin heldu da amaierako saiora eta, hala, esku-eskura dauka txapela.

Hori, bai, gaurkoan ezin du lasai aritu, dena egina dagoela pentsatuz, bestela kolperen bat jaso dezake. Une honetan 89 zulo eta 1,2 zentimetro da Ortuellakoek duten marka, eta bigarren lekuan Aldai Alde dago bi zulo pasara. Hirugarren, berriz, Kabiezes, bost zulo pasara.

Beraz, Aldai Alde izango da Burdin Gazteak taldeak izan dezakeen aurkari nagusia. Badakite Ortuellakoen aurretik geratzea zer den eta emozioa espero da amaierako jardunaldi honetan. Burdin Gazteak taldeak duen aldeari eutsi egin nahiko dio, eta Aldai Aldek, berriz, duen guztia eman beharra dauka Ortuellakoei gaur irabazi eta aurka duten aldea iraultzeko.

Hirugarren postuak, berriz, nahiko segurua dirudi Kabiezes taldearentzat. Aurrekoak nahikoa ihes eginda ditu, eta, atzetik dituenei, berriz, aldea kentzen die. Zaila dirudi Kabiezesek hirugarren lekua galtzea.

Laugarren posturako ere emozioa iragartzen da. Une honetan Piratak taldeak dauka postu hori beretzat hartuta, 79 zulo eta 5,2 zentimetroko markarekin, baina bosgarren postuan dagoen Errekatxo ez dauka oso aparte, zulo bat pasara baitago. Bi talde horien arteko lehia ere jarraitu beharrekoa izango da, laugarren postua finkatu ahal izateko. 

Emakumeekin osatutako KZ Kolpekak itxiko du sailkapen nagusia, gainerakoetatik oso urruti baitaude. Hori bai, meritu handiko lana egin du talde honek ere.