Jon LEUNDA
Harri-zulatzea

Burdin Gazteak taldeak ongi kudeatu du abantaila

Ortuellako Burdin Gazteak taldeak irabazi du harri-zulatzaileen Liga. Azkeneko jardunaldian bigarren izan zen, baina saio horretara bitarte zeraman aldea nahikoa izan du txapelari eusteko.

Azkeneko jardunaldian Kabiezes izan zen garaile, eta horrekin lehen ia eskuetan zeukan hirugarren postuari eutsi egin zion. Aldai Alde zen Burdin Gazteak taldearen aurkari nagusia, baina Ortuellakoen atzetik geratu ziren. Ondorioz, amaiera nahiko lasaia izan zuen Burdin Gazteakek, nahiz eta bukaerako jardunaldia ezin izan zuen bereganatu.

Kabiezesek 14 zulo eta 0,5 zentimetroko marka egin zuen azkeneko jardunaldi honetan, garaipena lortuz. Bigarren postuan Burdin Gazteak sailkatu zen, 13 zulo eta 6,5 zentimetroko markarekin, eta jardunaldiko podiuma Aldai Aldek itxi zuen, 13 zulo eta 4 zentimetroko markarekin. Errekatxo izan zen laugarren sailkatua, 11 zulo eta 11,6 zentimetro eginez. 11 zulo eta 7 zentimetro egin zituen Piratak taldeak, eta KZ Kolpeka izan zen azken sailkatua, 4 zulo eta 9,3 zentimetro eginez.

Sailkapen nagusia Burdin Gazteak taldearentzat izan da, eta txapela lortzeko balio izan dion marka 107 zulo eta 7,7 zentimetrokoa izan da. Bigarren postua Aldai Alderentzat izan da, eta berak 100 zulo eta 1,6 zentimetro egin ditu. Hirugarren Kabiezes sailkatu da 97 zulo eta 3,5 zentimetro eginez. Laugarren postua Piratak taldearentzat izan da, 90 zulo eta 12,2 zentimetro eginez. Errekatxo taldeak 89 zulo eta 9,3 zentimetro egin ditu eta sailkapena emakumez osatutako KZ Kolpekak itxi du, 31 zulo eta 7,9 zentimetro eginez.