Andoni ARABAOLAZA
XEDE BEREZIA

Hansjörg Auer, sokarik gabe bakarkako eskaladan hegan egiten

Eskalatzaile austriarrak, egun bateko jardunean, Dolomitetako hiru bide eskalatu eta haien arteko loturak parapentean egin ditu.

«Oso gaztetik, mendiak erabat harrapatu nau. Alegia, mendiarekin liluratuta nago. Azken hamabost urteotan, behin baino gehiagotan, bakarkako eskaladarekin jolasean jardun dut. 2007. urtean, berriz, horietako eskalada batera lehen aldiz parapente bat eraman nuen. Egun bateko jardunean bakarkako eskalada egin eta loturak parapentean egitea helburu nuen. Eta, azkenean, egia bihurtu da. Nire muga fisikoak zein mentalak esperimentatu nahi nituen. Xede horretarako pareta egokienak bilatzen ari nintzela, segituan ohartu nintzen lehen aukera Italiako Dolomitak zirela. Beraz, Marmolada, Piz Ciavazes eta Sass dla Crusc aukeratzea oso agerikoa zen. Betidanik, horma horietan oso gustura sentitu naiz. Parapentea, arnes arin bat, katu-oinak, txaketa bat, eskularru finak eta magnesio poltsa. Horixe zen eraman nuen guztia. Nire anaia Matthiasi esker bidaia honek arrakasta izan du. Babes zein konfiantza guztia eskaini dit. Sass dla Crusc mendiko azken igoeran ere, kontzentrazioari eustea zaila zenean, han zen nirekin. Azken hegaldia egin nuenean, orduan bai, nire egoera arindu zen; han ere Matthias zegoen. Hamabost minutu oinez egin eta gero, gailurrera heldu ginen. Ilunabar eder batekin gozatu genuen, eskuetan hiru garagardo genituela».

Horixe da Hansjörg Auer austriarrak bere azken helburuaren inguruan GARAri aurreratu dioena. Egitasmoak “3 big walls, 2 flights, 1 day” zuen izena, eta joan den abuztuaren 8an lortu zuen borobiltzea. Jakina, eskalada guztiak bakarka egin zituen, integralean; hots, sokarik erabili gabe.

“3 hormatzar, bi hegaldi, egun bat” proiektuaren nondik norakoak jarraian jasotakoak izan ziren. O6:15ean bibaketik irten zen. Ordu laurden geroago, “Vinatzer-Messner” bidea (800, VI+) eskalatzen hasi zen. 08:30ean Marmoladako tontorrean zen. Parapenteko lehen hegaldia egin eta Piz Ciavazesera hurbildu zen. Han, “Spigolo Abram” (500, VII-) igo zuen. Eguerdirako marra bukatuta zuen. Bigarren hegaldiak Sass dla Crusc mendira eraman zuen. 17:15ean “Grande Muro” (300, VII-) bidean sartu zen, eta, 45 minutuko eskalada egin eta gero, marraren amaieran zen. Sass dla Crusceko tontorrean amaitu zuen xedea. 18:15ak ziren.

Guztira, beraz, 1.600 metroko eskalada (bakarka integralean). Hori bai, Auerrek onartu duenez, zailtasun teknikoak ez ziren batere gogorrak; gure eskaladan 6a+ gradutik ez zen pasa. «Hori gutxienekoa zen», gehitu du austriarrak.

Gazte garaiko ametsa

Auer alpinista zein eskalatzaile zaildua da; lehen lerroan jarduten duen horietakoa. Eskuarki, sokakiderekin eskalatzen du, baina aurreratu behar dugu protagonistaren ibilbidean bakarka integralean eginiko xede hau ez dela salbuespena.

Jakina, Alex Honnoldek egiten duenarekin ezin da alderatu; batez ere, duela hilabete batzuk Yosemiteko Kapitain horman “Freerider” bidean eskalatutako xedearekin. Baina lasai asko onar dezakegu estilo horretan espezialista dela. Eta, behin baino gehiagotan adierazi dugunez, “talde” horretan munduan oso gutxi dira.

Bakarka integralean egin zuen lehen eskalada esanguratsua 2006. urtean izan zen. Oso ondo ezagutzen duen Marmoladako hego aurpegi erraldoian “Tempi moderni” sokarik gabe eskalatu zuen: 800 metro eta 6c.

Urtebete geroago, hormatzar horretan “Attraverso il pesce” bidearekin egin zen: 900 metro eta 7b+. Dolomitetatik irten gabe, eskalatzaile austriarra gai izan da Sass dla Crusc mendian “Mephisto” ere sinatzeko: 400 metro eta 6c+. Eta Dolomitetatik kanpo, aipatzeko modukoak dira Wettersteineko Alpeetan (Alemaniaren eta Austriaren arteko mugan) egindako “Lokcker vom Hocker” (350 m, 7a) eta “Bayrischer Traum” (400 m, 7a) bideak.

Ikus daitekeen legez, bakarkako integraleko eskaladetan espezialista handia dugu Auer. Eta aipatu ditugun marra horiek guztiak gogorragoak badira ere, abuztuan eginiko xedea ere ezin da gutxietsi; izan ere, hiru bide luze egiteaz gain (1.600 metro guztira), pareten arteko loturak parapentearekin egin ditu.

Alpinista austriarraren hurrengo helburua urrun dago; Nepaleko Himalaian. Annapurna III mendia igotzen saiatuko da, eta galdetu diogu ea Dolomitetako xedea Himalaiako helburu horretarako entrenamendu gisa hartu zuen: «Ez, egia esaten badizut, ez. Oso gaztetik nuen ametsa zen, eta xede horrekin azkenean ateak ixteko aukera izan dut. Sokarik gabe pareta handi bat eskalatu, bide guztietara oinez hurbildu eta hormak parapentearekin lotzea esperientzia aberasgarria izan da. Eta hori guztia, gainera, egun bateko jardunean. Hasiera-hasieratik argi neukan aukeratutako bide guztiak era askean eta bakarrik igo nahi nituela. Eta, jakina, egun batean egiteko aukera parapenteak ematen dizu».

Helburu egin zuenean, oso sasoiko zegoen orriotako protagonista; izan ere, Ötztalen (Austria) bost luzeko bide gogor bat era askean igotzeko gai izan zen. “June Afternoon” du izena, eta honako “agiria” aurkezten du: 8b/+, 5a, 7c, 7a eta 8a. Behin marra horren korapiloak askatu ondoren, “3 big walls, 2 flights, 1 day” xedean buru-belarri sartu zen.

Auerrek esan digunez, eskalada zein hegaldi guztietan ez zuen ezusteko esanguratsurik izan: «Marmoladakoa ondo joan zen. Bigarren bidea ere arazorik gabe eskalatu nuen. Hori bai, bigarren hegaldirako haize gehiegi egin zuen. Ondorioz, oso urrun hartu nuen lur. Azken hurbilketa biderako nekatuta nengoen, baina, azkenean, den-dena ondo atera zen. Azken eskalada hori, Sass dla Crusc mendikoa, oso intentsua izan zen; aldez aurretik espero nuena baino intentsuagoa. Onartu behar dut ordurako neka-neka eginda nengoela. Bidearen giltza ez zitzaidan batere erraza egin eta sona handia duen zeharkaldian nengoela amaierarekin amesten ari nintzen. Lehendabiziko bi igoerak, berriz, atseginagoak izan ziren».